Bilboko auzo ezberdinetan hilabeteetan zehar migrarien harrera egin ostean, kalean utziko gaituzte.

Euskal Herriko herri/hiri ezberdinak, migrarien harrera herriak izan dira, besteak beste; Bilbo, Donosti, Baiona edo Irun. Aurtengo uda era ezberdinean bizi izan da Bilboko hainbat auzoetan. Bidai luze eta gogorra egin ostean, Afrikako herri ezberdinetatik hasi eta kostaldetik zuzenean gure hirietara ekarri dituzte migrariak autobusetan.

Egoera honen aurrean Administrazioko erakunde ezberdinek izan duten koordinazio eta borondate faltek, pertsona hauek abandonatu dituzte, baina honen aurrean, Bilboko ehundaka auzokideok, sentsibilitate, esperientzia eta ibilbide ezberdinak ditugunok, gure energia, indarra eta denbora inbertitu dugu pertsona hauen harrera burutzeko. Guk argi geneukan ez genuela beste alde batera begiratuko.

Lagun migrariekin saskibaloi kantxetan lo egin dugu, gosari herrikoiak burutu ditugu, afaldu dugu, asanbladak burutu ditugu, bizi esperientziak konpartitu ditugu… elkar ezagutu eta esperientziak trukatu, eta denon artean auzo, kolektibo sozialak eta pertsonen arteko harrera sarea sortu dugu, elkartasunean, autogestioan eta desobedientzian oinarritutako harrera sarea.

Hasieratik:

  • Justizia sozialean oinarritutako harrera burutu dugu, elkartasuna, autogestioa eta desobedientzia ardatz izanik, lan eta konpromezuaren bidez, gure praktika politikoek ezaugarritu dute harrera integral bat.
  • Laguntza eskaintzeaz gain (lo egiteko tokia, janaria, arropa, mediku zein asistentzia juridikoa, hizkuntzen formazioa….), salaketa indartsu bat burutu behar genuela argi izan dugu. Administrazioen utzikeria, harrerarako sistema ofizialek dituzten hutsune larriak, lekualdatze bortitzen arrazoiak eta migrazio politikek dituzten ondorioak salatu ditugu, elkartasunean oinarritutako harrera hau gure inguruko auzo zein herrietan zabalduz.

Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udaletxeen inprobisazioa. Aurretik aipatu dugun moduan, elkartasuna adierazteaz gain, gure esperientzia eta konpromezuaren ondorioz, argi eta garbi ikusi dugu, harrerarako dagoen estrukturak hutsune larriak dituela, eta hau salatu beharrekoa dela.

Hutsune hauek betetzeko egon diren aurrerapauso publikoak, herri presio eta aktibazioek eragin dute; Berriz edo Oñatiko adibideak kasu. Baina hartu diren erabaki ezberdinak, epe luzerako ikuspegi orokor zein integral batetik hartu beharrean, guztiz inprobisatuak izan dira; 3 egunerako 235 pertsonentzako plazak, 20 pertsonentzako tokia Berrizen, asilo eskatzaileentzat 100 pertsonentzako tokia Oñatin. Baina neurri hauek nahikoak dira? Kontuan izanda dispositibo hauetatik 4000 pertsona pasatu direla, ehundaka lagunek asilo eskatu dutela, beraien bizi proiektua gure herrian garatu nahi dutela, eta ez zaiela bitarteko publikorik eskaintzen, argi eta garbi esan genezake ez direla neurri nahikoak.

Horrez gain, hainbat lagunek kanporatze aginduak dituzte, eta horrek automatikoki bazterkerian bizitzea dakar, Migrazio Legediak sortzen duen egoera irregularra izanik. Baina Euskal Administrazioek egoera honetan lagundu baino ez dute egitez, heldu berriak diren, edo hemen urteak daramatzaten pertsonak kanporatzen.

Medioetan eta kalean entzuten dugu Bilbo “harrera hiria dela´´ edo “balore zehatz batzuek osatutako hiria´´ dela, baina gure galdera da: Aburto, Rementeria, Urkullu….zein balore dira horiek? Non dago orain Bilbo Harrera Hiria? Giza eskubideen gailentzean oinarritutako hiri hori, non sartu duzue? Zuek erregulatutako lehen harrera hori ere ez duzue bete, migrarien harrera merkantilizatu eta azpikontratatu duzue.

Bilboko ehundaka auzokideek burututako harreraren oinarria aldiz, elkartasuna eta konpromisoa izan dira, nahiz eta “interes partidistei” erantzuten dieguela edo egoera manipulatu dugula ere entzun behar izan dugun. Baina badakigu irain horiek egoerak gainezka egin dien arduradun politikoen deserosotasunak baino ez direla.

Alderantzi, gure dinamika sozialaren abiapuntua, gure auzoetara ailegatu diren lagun horiekiko konpromezua da. Errelato ezberdinen bidez azaldu dezakegu bizi izandakoa. Batzuk pentsatu dezakete, irabazi edo galtzean, erasotu, defendatu edo elkarlaguntzean. Kontziente gara, esku artean egoera estruktural hau lehertu zaien arduradun politikoen deserosotasun eta enbarazuaz. Guretzako egoera ez da erraza izan. Goretsi nahi dugu adierazitako elkartasuna, eraikitako mugimendua eta bizipenek eragindako ikasketa existentzialak.

Laburbilduz esan genezake, azken hilabeteetan Bilboko auzoak elkartasunez, desobedientziaz eta salaketaz bete ditugula, era ezberdinetan bizitako esperientziak izanik. Baina urriaren 14tik KALE GORRIAN GAUDE! Egoerak eta esperientziak irakatsi digu hain pertsona kopuru handiaren egoerari modu integral batean erantzuteak, bere mugak dituela. Ondorioz, harrera eredu hau modu deszentralizatu batean burutzea erabaki dugunez, orain arteko elkartasun eta atentzio integral eta kolektiboari amaiera eman diogu, urriaren 14ean. Baina aktibazio eta salaketa alde batera utzi gabe, egun horretan egoera honen erantzuleak diren instituzioen aurrean 72 orduko kontzentrazioa egingo dugu, inor kalean egon ez dadin, harrera sistema integral bat exijituko dugu.

Gure konpromezua ez da hemen bukatu, herri hau benetako harrera herria dela sinisten dugu, beraz, Artea, Irala, Atxuri, Bilbi, Karmela, Bizinahi edo Kaxitako esperientzietatik hasita, Arrigorriaga, Busturialdea, Galdames, Bakio edo Ermua bezalako herrien dinamikek emango diote jarraipena, jadanik kalean zeuden 40 lagunen egoerari irtenbidea eman diotenak.

Euskal Herria harrera herria ere badelako, denon elkarlan eta elkartasunaren bidez marraztuko dugu bidea. Horretarako hurrengo URRIAREN 14ean burutuko dugun Kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

HARRERA INTEGRALA – ERAKUNDEN UTZIKERIA SALATU

ATZERRITARREN LEGEA INDARGABETZEA – HARRERAKO HERRI TA AUZOGINTZA

ESKUBIDE GUZTIAK DENONTZAT! EUSKAL HERRIA HARRERA HERRIA

Bilboko Harrera Auzoak / Barrios de Acogida de Bilbao

Foto: Txeng Meng