Ostiralean, apirilaren 5ean, 11:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza parean, eta 19:00etan Kale Nagusian (El Corte Inglés)
Bilboko Udalak Altamirako aterpea itxi nahi du, apirilaren 8an, kontuan hartu barik pertsona andana dagoela hiriko kaleetan baldintza txarretan bizitzen. Bizkaiko hiriburuak, non 300 lagun baino gehiago dauden muturreko kalteberatasun-egoeran, ez luke harro agertu beharko mundu-mailako biltzarren anfitrioi izateaz, edo musika- eta kirol-jaialdiena, hiriko behartsuenek -asko, 18 urte betetzen dituztenean, adingabeentzako zentrotik kanporatzen dituzte- kartoi artean lo egin behar izaten dutelarik.
Zoritxarrez, herri-administrazioek pertsona babesgabeenekin dituzten betebeharren urratze hau hauteskunde-kanpainarekin bat dator, zeinetan alderdi politikoek, xenofobia instituzionalak jota, segurtasunik gabeko hiri batean bizi garelako gezurra hedatu nahi duten, immigrazioa delitu-mota ororekin lotuz, gezurrak esanez. Hedabide batzuek, gainera, iruzur hori zabaltzen laguntzen diete. Beste behin, gure erakunde biak -Foru Aldundia eta Udala- ahazten ari dira xenofobiari eta arrazismoari aurre egitea bereziki dela haien betebeharra; beti, baina are gehiago orain, zenbaitek giza eskubide oinarrizkoenen bortxaketa programa gisa aurkeztu nahi duten honetan.
Horregatik guztiagatik, hauxe da gure proposamena, besteren artean: Altamirako aterpea ez ixtea, kalean lo egin behar duten pertsonak egon bitartean.
BIZKAIAN, ETXEGABERIK EZ!
ESKUBIDE GUZTIAK DENONTZAT!
Leave A Comment