Italia eta Maltako Gobernuak salatu nahi ditugu, Open Arms ontziak Mediterraneoan duela 7 egun erreskataturiko 122 lagunak lehorreratzea eragozten ari direlako, eta, ondorioz, haien egoera gero eta gehiago larriagotzen ari direlako. Portuak Europako Batzordearen eta gobernu kideen konplizitateaz eta isiltasunaz ixten ari dira.

Bien bitartean, Sánchez presidentea funtsezko denbora galtzen ari da beste estatuekin borroka burokratikoak izaten, eta, horrela, aipatu 122 pertsonen sufrimendua areagotzen ari da. Presidente sozialistaren gizatasunik eza nabarmenki onartezina da.

EBko erakundeen eta estatu kideen erabakiak eta omisioak larriki urratzen ari dira errefuxiatuei buruzko nazioarteko itunak, Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Zuzenbidea, EBren Oinarrizko Eskubideen Gutuna, Itsasoko Zuzenbideari buruzko Itunak eta Hitzarmenak, eta giza eskubideen defendatzaileen Adierazpena, NBEk onartua. Antza, ultraeskuinaren jarrerek osatzen dute erabaki hauek hartzeko esparru politiko eta juridikoa.

Mediterraneoan, zeharkaldi izugarrietatik ihesi ari diren 122 lagunen osasun fisiko eta mentala daude jokoan; eta, aldi berean, berriz ezartzen ari da nor diren eskubidedun subjektuak eta nor dauden gizaki-kategoriatik kanpo.

Halaber, elkartasunaren kriminalizazioa salatu nahi dugu, eta errepikatu egungo egoeran pertsonei Mediterraneoa zeharkatzen laguntzea zilegi ez ezik, betebeharra ere badela. Laguntza humanitarioa eta gizakion arteko elkartasuna ezin dira izan, inola ere, legez kanpokoak.

Ziur baino ziurrago EBko, Espainiako estatuko eta Euskal Herriko biztanle gehienok ez ditugula onartzen migratzaileen bahiketa eta haiek pairatzen ari diren izugarrikeria, gure hirietara berehala ekar ditzaten exijitzen dugu, gure bizilagunak izatea nahi baitugu. Hori dela eta, egin bat gurekin gure esperientzian eta giza eskubideen aldeko garrasian.