Bilboko Udalak premiazko egoerei erantzuteko azpikontratatutako zerbitzu publikoa da SMUS. Hainbat dira egunero-egunero laguntza bila SMUSera joaten diren pertsonak: Bilbora
iritsi berriak, kalean bizi direnak, ospitaletik atera berriak… Besteak beste, behin-behineko ostatua, jantoki zerbitzua edota erroldatze sozialerako eskubidea eskatzera jo ohi dute SMUSera.

Paradoxikoa da. Gabarraren, Guggenheimaren, Tour de France-aren eta BBK Live-aren Bilbon, munduari modernitatearen, jasangarritasunaren eta abegikortasunaren adibide gisa aurkezten zaion hirian, ehunka pertsona kale gorrian eta gosea pasatzen bizi dira. Eta ez hori bakarrik. Egoera kritikoetan bizitzeaz gain, pertsona horiek ez dute inolako laguntza zuzenik jasotzen Bilboko Udalaren eskutik. Udalak, pobrezia-egoeraren eta larrialdi hori kudeatzeko baliabiderik ezaren erantzule denak, SMUSen esku uzten du larrialdi egoeren kudeaketa.

Lehen, nahikoa zen edozein goizetan SMUSen bulegoen ateetatik igarotzea zerbitzu horrek duen baliabide falta larriaz jabetzeko: artatuak izan nahi duten pertsonez osatutako ilara amaigabeak goizaldetik –artatuak izatea lortzeko inolako bermerik gabe-, duina izatetik urruti dagoen tratua, tentsioak, eta bertan zain dauden pertsona guztien egoeraren larritasunak zakartutako giroa. Duela hilabete batzuk, ordea, hitzorduak hartzeko online sistema ezarri zuten; baina kolapso-egoera sortu da: hitzorduak eskuragarri daudenean, bi hilabete baino gehiagoko itxaron-zerrendarekin esleitzen dituzte.

Alegia, ilarek sortzen duten irudi txarra hobetzen saiatu dira, arazoari benetako konponbiderik eman gabe. Guztiz kontrakoa da egin dutena: erakundeek gose-ilarei ematen dieten erantzuna blokeo egoera batean laburbiltzen da, eta ez da gai izaten ari gizarte-larrialdiko egoerei erantzuteko.

“Larrialdiak” kudeatzen dituela dioen zerbitzu batek hitzorduak online eskaintzea, bere horretan, kontraesankorra da; izan ere, hitzorduak ez daude beti eskuragarri, eta eskuragarri daudenean, bi hilabete baino gehiagoko itxaron-zerrenda tarteko izan ohi da. Eta hori, ahaztu gabe hainbat pertsonak ez daukatela baliabiderik online bidezko sistema erabiltzeko.

Bestalde, Bilboko Udalak SMUSera bideratzen duen baliabide-eskasia zerbitzuaren saturazioan eta oinarrizko laguntzak emateko ezintasunean islatzen da, SMUSera jotzen dutenen prekarietatea larriagotzea eraginez. Pertsona horiek, besteak beste, betiereko xantaian harrapatuta daude erroldatze soziala lortzeko edo mantentzeko, kalitate txarreko janaria jasotzen dute (jasotzea lortzen dutenean), eta jantoki-txartela hainbat egunez etetearekin zigortzen dituzte, baldin eta abisurik eman gabe jantokira agertzen ez badira. Horri guztiari SMUSeko langileen egoera prekarioa gehitu behar zaio, egunero lan-karga onargarria gainditzen duten egoera kritikoei aurre egin behar baitiete. Horregatik, argi daukagu Bilboko Udala dela egoera honen erantzule bakarra.

Udal honek ez du galtzen aukerarik bere burua aurkezteko harrera eredu eta politika
inklusiboen adibide gisa. Eta bien bitartean, kolektibo kalteberenak dira tratu txar eta abandonu hori jasaten dutenak, beste behin ere . Horien artean daude pertsona migratzaileak, izan bizirik irauteko oinarrizko baliabideen bila iritsi berriak, izan hiri honetan bizi ahal izateko erroldatze soziala lortu nahian urteak daramatzatenak; etxerik gabeko pertsonak eta beren familientzako janaria bermatzeko aukerarik ez dutenak; lan-merkatutik kanporatutako emakumeak, zaintza-lanak atzean dituztenak, eta abar luze bat. Azken zenbaketa ofizialen arabera, 500 pertsonak baino gehiagok egiten dute lo egunero kalean, Bilbon. Hortxe beste gudu-zelai bat, non Bilboko Udalak pobreen aurkako gerrarekin jarraitzen duen.

Bere isiltasun konplizearen bidez auzo pobreenetan burututako legez kanpoko kaleratzeak babestu ondoren, beren udal-etxebizitzak “defendatzeko” desokupazio-enpresa gisa jardun ondoren, eta DBE eta EPOren murrizketak babestu ondoren, ez gaitu harritzen erakundeek txorrota itxi eta apurrak murriztea erabaki izanak, aurpegia garbitzeko eta benetako politikak estaltzeko. Azken hau, aurretik aipatutako adibide guztiak bezala, gizarte honetako behartsuenen aurkako eraso argia baitira.

Horregatik, Bilbon ehunka pertsonak bizi duten larrialdi-egoerarekin amaitzeko premiazko neurri eraginkorrak eskatzen ditugu. SMUSera jotzen duten pertsonek dituzten larrialdiak modu duin eta eraginkorrean kudeatzea exijitzen dugu. Bada garaia Bilboko Udalak eskuak garbitzeari utz diezaion eta bere erantzukizuna bere gain har dezan, pertsona guztiek, beren egoera edozein dela ere, merezi duten laguntza eta errespetua jasoko dutela bermatzeko.

Hala bada, ASETU Herri Biltegia, Atxuri Harrera, Irala Harrera, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SOS Arrazakeriak bat egin dugu salaketa-kanpaina honetan, Bilboko Udalari exijitzeko larrialdi-egoera honi amaiera eman diezaiola. Bilboko Udalari eskatzen diogu bideratu ditzala beharrezkoak diren baliabideak eta bermatu dezala Bilbon bizi den ororentzat aterpea eta jatekoa. Beraien arabera 500 dira egunero kalean lo egiten duten pertsonak, baina guk badakigu askoz gehiago direla. Hori guztia dela eta, Bilboko 1500 bizilagunen sinadurak bildu ditugu, eta horiek erregistro bidez entregatuko ditugu, Udalari eskatzeko esku har dezala behingoz.

1500 pertsonak babesa eman diote kanpainari eta kezkatuta agertu dira SMUSen blokeoa eragiten ari den eskubide-urraketen egoerengatik.