Aurten ere, azaroaren 9an, Harresien aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, kalera irtengo gara berriro, gaur egun inoiz baino horma gehiago dituen mundu batean bizi garela salatzeko.
Honekin, egitura fisikoez ezezik, lurreko, itsasoko eta aireko kontrol-sistemen hedapenaz, harresi sozial, kultural eta psikologikoez ere ari gara. Horiek guztiek funtzio bera betetzen dute: batzuen giza eskubideak eta duintasuna ukatzea, urratzea eta banatzea, beste batzuk aberastu eta pribilegioak babestuz.
Harresi guztiak, forma guztietan, ideologia arrazisten gainean eraikitzen dira, pertsona-taldeei oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiete eta indarkeria betikotzen dute. Eta horma horien oinarriak mantendu egiten dira pertsonen bizitzekin negozioa egiten duten gobernuen eta enpresen gutiziari esker. Delás Zentroko “Harresiak Eraikitzeko Negozioa” txostenak Airbus, Leonardo eta Thales Europako arma-enpresa handiak identifikatu zituen harresien eta hesien ondoan dauden teknologia- eta ekipamendu militarraren hornitzaile handienetakotzat.

Era berean, Elbit eta Magal Security bezalako enpresa israeldarrak oso eragile global garrantzitsuak dira harresien eraikuntzan eta mantentzean, eta askotan nazioartean egiten duten lana sustatzen dute, Palestinako herritarren aurka “tokian bertan frogatutako” parte-hartzea adierazten baitute. Baina ez dira Israelgo enpresak bakarrik. Etxean ere harresi eta muga fisiko arrazista eta
kolonizatzaileak sortzen laguntzen duten enpresak ditugu. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu Beasainen egoitza duen eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea duen CAF euskal tren-enpresa.
Enpresa honek, Palestinako lurralde okupatuan tranbia-linea bat eraikitzearekin nahiko izan ez, eta linea eta azpiegitura gehiago eraikitzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Horiek guztiak biztanleriaren komunikazioan hobekuntza gisa saltzen diren arren, harresien funtzioa betetzen dute eta Israelen proiektu nagusi gisa Estatuak duen arraza-segregazioan sakontzen dute. Horregatik,
ezin dugu alde batera utzi CAF euskal ordezkari garrantzitsuenetako bat dela Israelgo Estatuaren apartheid eta genozidio proiektuan.
Bestalde, harresiak eta segurtasun-industria handitzearen atzean, hegemoniko bihurtu den narratiba boteretsu eta manipulatzailea ezkutatzen da. Narratiba honek beldurraren hizkuntza erabiltzen du, jendea benetako kausetatik aldentzen du eta gorroto-delitu eta diskurtsoak elikatzen ditu. Ez da kasualitatea 1989ko azaroaren 9an Berlingo Harresia suntsitu zutenak gaur egun palestinar herriaren genozidioa finantzatzen dutenak izatea.
Horregatik, Harresien aurkako Nazioarteko Egunean, Bizkaiko SOS Arrazakeriak, Ongi Etorri Errefuxiatuakek eta BDZ Bizkaiak gure borrokak batzen ditugu, planeta osoan dauden horma eta hesi fisiko eta mental guztiak suntsitzea eskatzeko, bai eta herriek eta pertsonek beren etorkizuna erabakitzeko eta bizitza duina bermatzeko duten determinazio askearekiko errespetua ere.
Gora munduko herri askeak! Apurtu ditzagun harresi guztiak!