ONGI ETORRI GERNIKA 2017k bideo bat zabaldu apirilaren 29an eta 30ean Gernikan egingo den ekitaldian parte hartzera deitzeko, herri bizkaitarraren bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira:

Bideoa joan den otsailaren 18an grabatu zen antzinako ASTRA arma-lantegian; egun, instalazio hori kultur sorkuntzari eskainia dago, eta Gernika-Lumoko kultur kolektiboek kudeatzen dute. Grabaketa egiteko hitzordura agertu ziren, udalerriko kolektiboetako kideez gain, errefuxiatuen alde lan egiten duten erakundeak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroakoak, esaterako: Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa, Gasteiz Irekia eta Irunea Harrera Herria.

Herriaren kanpoaldean ere grabatu ziren irudiak: pertsona-talde handi bat zutabetan banaturik agertzen da, oinez, gerraren kontrako eta errefuxiatuak hartzearen aldeko abestiak kantatzen.
Aurreikusita dago 28an zenbait zutabe abiatzea Euskal Herriko hainbat tokitatik, dela oinez, dela bizikletaz, eta lagun horiek Gernikatik gertuko herrietan emango dute gaua. Ekitaldiari buruzko informazio guztia -zutabeen irteera, lantaldeak, ostatua…- hemen dago ikusgai: https://ongietorrierrefuxiatuak.info/gernika2017

“Gaur, sekula ez bezala, beharrezkoa dugu Gernikan jazo zena biziki oroitzea, eta “aski da” esatea milioika pertsona ihes egitera behartzen dituen beste Gernika horietan gertatzen ari denaren aurrean. Bihur dezagun lurralde, auzo, herri, hiri… bakoitza harrera-lurralde.”

https://www.facebook.com/ongietorriGernika/

#welcomeGernika