10/06/2018

Ekainaren 11n, Europako Udal eta Eskualdeen Konferentziaren nazioarteako topaketa izango da Bilbon.

Foro honetan, “Berdintasun, Aniztasun eta Inklusio” arloetako Europako herri eta lurraldeetako esperientzia politiko eta aurrerapenak aurkeztuko dira.

 Hala ere, Europako zati handi batean eta bere inguruan, errefuxiatu eta migratzaileen giza eskubideak gero eta gehiago urratzen dira. Mediterraneoak isildutako genozidioaren eszenatokia izaten jarraitzen du.

Beren jatorrizko herrialdeetatik irtendako pertsona errefuxiatu eta migratzaileen krisi humanitarioa delakoa, ondasunen eta naturaren baliabideen bidegabe jabetzearen ondorioa da, desberditansun ekonomiko eta genero desberdintasunena, goseteena, gerrena… Europaren ardura da hori, baina  horma, hesi, atxiloketa, kanporatze, Barneratze Zentro, bazterketa, xenofobia eta hitzarmen lotsagarriekin erantzuten du. Turkiarekin, Libiarekin eta giza eskubideak etengabe urratzen dituzten herrialdeekin eta errefuxiatu eta migratzaileen Europarako bidea, indarkeria erabiliz, eragozten dituztenekin hitzarmenak eginez, hain zuzen ere.

Eguneroko gauza hauen aurrean, erreakzioa beharrezkoa da; eta gure elkartasuna beren herrialdeetatik irtetzera behartuta izan direnekin, derrigorrezkoa. Baita,  giza eskubideei errespetua eskatzea ere; geure ingurutik, herrialdetik, herrietatik eta hirietatik.

Honengatik guztiagatik Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakook migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen murrizketa salatu nahi dugu, gure auzoak eta herriak harrera eta inklusio eredu izatea nahi dugu eta udalek ez dezatela inor erroldatik kanpo utzi.

Hori dela eta, nazioarteko topaketa honetan dauden gure erakundeei eskatzen diegu eskumena duten arloetako agendan sartzeko berdintasunezko politika, plan eta programa inklusiboak.