2018/06/20

2000ko abenduaren 4ean Nazio Batuen Asanblada Orokorrak, 2001etik aurrera, ekainaren 20a pertsona errefuxiatuen egun internazionala izan zedin erabaki zuen 55/76 ebazpenaren bidez, gerretatik zein jazarpenetatik ihesi errorik barik gelditu diren horien aurreko elkartasun adierazle lez.

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen aburuz, errefuxiatuez hitz egiten ari garenean, pertsona migranteez ere ari garela azpimarratzea funtsezkoa da, azken finean, milioika pertsonaren exodoaren kausa arazleen erroak berdinak baitira.

Lekualdatzera behartuak izan diren pertsona kopuru handien atzean, kontakizun pertsonal lazgarriak ezkutatzen dira; sufrimenduz jositako bizipenak, banaketa eta galerak; babesleku seguruago baten bila abiatuz bizitza arriskuan jartzen duten bidaiak; baldintza gordinetan ahalik eta bizitzarik duinena eraikitzeko erronkak. Lazgarria da oso mugak zelan ixten dabiltzan ikustea, pertsonak iragaitzazkoak kontsideratzea eta giza eskubideek zein zuzenbide internazionalak esaten dutenaren kontrara, bai pertsona migrante zein errefuxiatuak errefusatuak izaten direla atzematea. Honek suposatzen duen kostu humanoa benetan neurrigabekoa da.

Egun, egoera honetan aurkitzen diren pertsonen ia %84-ren harrera diru-sarrera txiki edo ertainak dituzten herrialdeek burutzen dute. Ezin dezakegu jarraitu kopuruz hain murritza den, eta normalean txiroenak diren, herrialde multzo batengan ardura guztia zamatzen. Izan ere, gakoa ez baitago karga elkarbanatzean, baizik eta mundu osoari dagokion arduraren banaketan, zeinaren oinarria pertsona orok -gizakia den heinean-zuzenbide internazionalaren babespean egoteko duen eskubidea den.

Hau lortzeko baina, guztiz beharrezkoa da estatu, instituzio eta erakundeek pertsona errefuxiatu eta migranteek pairatzen duten egoerari konponbidea ematea ahalbideratuko duten egiazko konpromezuak hartzea.

Hori dela eta, Ongi Etorri Errefuxiatuak-etik espainiar Estatuari, eta funtsean EB guztiari, migrazioarekin lotutako kanpo politiken aldaketa erradikal bat burutzea exigitzen diegu. Era berean, euskal erakundeei, desparekotasunaren zein aldaketa klimatikoaren behin betiko amaiera ahalbideratuko duten neurrien hartzea eskatzen diegu; baita eskuhartze militarrekin eta honi hertsiki lotutako arma-komertzioarekin amaitzea, gaur egungo komertzio eta inbertsio itun zein akordioen ezabatzea eta orohar pertsona orori dagozkion berezko eskubideak errespetatzea, aipamen berezia eginaz kausa anitzen ondorioz lekualdatzera behartuak ikusi diren horien edota azken hauen defentsan jarduten duten pertsonen eskubideei.

Azken finean, errefuxiatuaren egun internazionala beraien azalean jartzeko eguna izateaz gain, pertsona orori dagozkion giza eskubideen defentsa egiteko eguna ere baita. Eskubide guztiak denontzat!

 

Mugak Zabalduz/Abriendo Fronteras Karabana Italiara abiatuko da politika xenofobo erailtzaileak eta elkartasunaren kriminalizazioa salatzeko.

Hirugarren urtez jarraian, penintsulako 100 erakundek baino gehiagok bat egingo dute datorren uztailaren 13tik 22ra, Europako mugetan giza eskubideak urratzen direla salatzeko.

2016an, lehen Karabana Greziara abiatu zen eta honen helburuak EBren eta Turkiaren arteko lotsaren ituna salatzea eta Siriako gerratik ihesi zeuden horien ibilbide seguruak zein harrera duinak aldarrikatzea izan ziren. 2017an, Melillara egin genuen bigarrena, Europara heldu bezain lasterreko itzulketak, kontzertinadun hesiak eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak salatze aldera. Era berean, joan-etorrian dauden emakumeek jasan beharreko indarkeria, mugen arteko langileen lan-esplotazioa eta mugak esternalizatzeko Marokorekin egindako akordioen zitalkeria azalarazi nahi izan ziren.

Aurtengo honetan, zehazki 2018ko uztailaren 13an, hainbat autobus Italiako hegoaldera abiatuko dira, Espainiako estatuko zenbait tokitatik. Muga franko-italiarra aurtengo karabanaren helmuga lez jartzearen arrazoiaren oinarria, pertsona errefuxiatu eta migranteen inguruan EB burutzen ari den politiketan Italiak bereziki negatiboa den jarrera hartu izan da. Funtsean, esan genezake Europak Afrikarekin dituen mugak kanporatzeko hartu dituen neurrien isla dela Italia; izan ere, giza eskubideen urraketa sistematikoak burutzen dituen Libiarekin egindako sasi-akordioez gain, Italia Bruselak ematen dituen laguntzen hartzaile nagusia baita. Gainera, egoera honek okerrera egin dezakeela ikusi dugu, gobernu berria izendatzeko atarian, 5 Stelle eta muturreko eskuineko alderdia den Lega Nortek, gutxieneko programaren baitan hartuko dituzten neurri xenofoboen berri eman dutenean.

GURE HELBURUAK

Karabana honek izaera politikoa duen heinean, arreta berezia jarri nahi du bortxatutako lekualdatzeen arrazoietan, zeinak hertsiki lotuta dauden egun darabilgun sistema ekonomiko kapitalista, patriarkal eta neokolonialarekin. Aitzitik, honek ahalbideratzen baititu pertsonen esplotazioa, baliabideen ebastea, biolentzia, gerrak eta nola ez, pertsonen erbesteratzea.

Zehazki, honako helburu hauek lortzea aurreikusten da Karabana honetan:

Muga Franko-italiarrean, Sizilian eta Calabrian, pertsona errefuxiatu eta emigranteak hizpide dituzten EBeko gobernuen politikak sufritzen eta hauei aurre egiten saiatzen ari diren horien errealitate, auzi eta lorpenak EZAGUTZEA.

 

Herri hauetan gauzatzen dabiltzan borroka eredu eta bizipenetatik IKASTEA.

 

Gobernu eta enpresa europarrek gurera hurbiltzeko saiakeretan hildako pertsonen, bertara heldutakoen giza eskubideen bortxaketen, eta Ekialde Ertain zein Afrikan jazotzen ari diren gatazka armatuetan eta beraien errekurtso lapurtzea duten erantzukizunaren ALDARRIA egitea. Gudu hauek baitira, egun, babesleku seguruago baten bila lekualdatzeko arrazoirik nagusiena.

 

Emakumeek migrazio prozesuetan duten presentzia IKUSARAZTEA; emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria espezifikoa agerian jartzeaz gain, egoera honen protagonista eta subjektu politikoak direla berresteko.

 

Pertsona errefuxiatu eta emigranteen gaiari dagokionez hartutako erabaki eta jarrera politiko hauei aurre egiteko beta hartu duten pertsona eta kolektiboekin HARREMANAK ESTUTZEA.

 

EBk hartutako erabaki eta jarrera politiko hauei aurre egitea ahalbideratuko diguten erresistentzia eta babesleku seguruago baten bila Europara lekualdatzera behartuta ikusi duten horientzako harrera estrategiak aurrera emateko SAREAK JOSTEA.

 

IBILBIDEA

Karabanaren hasiera ofiziala Salt herrian hasiko da, zeina ia hogeita hamar mila biztanleko herria den, nahiz eta horietatik %37k ez duen espainiar nazionalitaterik. Hori dela eta, Salten bizi diren hiru pertsonatik batek bozkatzeko aukerarik ez duenez gero, irregulartasun demokratiko baten aurrean egongo gara, izan ere, politika xenofoboak oinarri dituzten talde politikoen gainespresioa baitago, bozkatu ezin dezaketen hauen kontura.

Saltetik abiatuz, gure ibilbidea muga franko-italiarrerantz abiatuko da, orain arte Aipatutako egoeren irudi garbia baita egun Ventimigliatik Briançonera luzatzen den eskualdea; muga zeharkatzen saiatzen ari diren pertsona errefuxiatu eta migranteen aurka burututako jazarpen poliziala; ikertu gabeko heriotzak, Alpeetako negu gordinetan bizia arriskuan jarriz muga zeharkatzen saiatzen diren horien gaineko errepresio bortitza eta muga zeharkatzeko laguntza ematen duten pertsona solidarioen auzipetzea. Hau gutxi balitz, gainera, Europako, Italiako zein Frantziako neonazien erasoak ere pairatu behar izan ohi dira inguru horietan.

Ferry batek Karabanaren ekintzen erdigune kontsideratzen dugun Siziliara eramango gaitu zeina Europan hartutako politiken isla den, eta horren ondorioak gordinki ikusten hasi garen bertan, besteak beste: asiloa eskatu, eta hau lortu bitartean, guztiz latzak diren bizi-lan baldintzetan dauden pertsona ugari daude barneratze-zentroetan errekrutatuta; autoritateen aginduz hainbat dira atxikitu diren salbamendu ontziak, hauek burutu behar zuten eginkizuna guztiz deuseztatuz; azken urteotan milaka pertsonez bete dira itsas portuak; eta Frontexen egoitza zentral zein bere agindupean Mediterraneoaren kontrola burutzen duten itsasontzien presentzia handia dago Siziliako kostaldean.

 

Pertsona errefuxiatu eta emigranteen aurka burutzen den esplotazio zitalaren aurrean ere egongo gara Sizilian, baita honi hertsiki lotutako egoera hauetan ere: esplotazio sexuala ardatz duten emakume zein neska gazteen salerosketa sareak eta bereziki landa eremuetako enpresariek eskrupulurik barik eta inpunitate osoz praktikatzen dituzten gehiegikeria sexual sistematizatuak.

 

Gainera, Ipar Amerikako base militarrek Sizilia hegazkin-ontzi bezala darabilte Mediterraneoa kontrolpean mantentzeko helburuarekin. Horrela, izan ere, Ekialde Ertain zein Afrikan interbentzio militarrak egiteko aukera baitaukate, heriotzetik eta gerren ondoriozko hondamendietatik ihesi, ehundaka mila pertsonen exodoari bide emanaz.

Mineo herrian, karabanak geldialdi bat egingo du gaur egunera arte EBean egon den asilo eskaera tramitatzeko barneratze zentro handienean. Datuen arabera, uste da 4000 pertsona baino gehiago metatzera heldu dela, bi urte baino gehiagoko itxaron aldiekin. Honez gain, aukera edukiko dugu azken urteotan ehundaka mila etorkinen helmuga izan diren portuak bisitatzeko, baita bertan Europak bahituta, zigortuta eta kriminalizatuta dituen, eta hortaz funtzionalak ez diren, salbamendu ontzien eta hauetan lanean diharduten kooperanteen aurkako jazarpenak bertatik bertara ikusteko ere.

Ekimenak arreta berezia jarri nahi du Frontexen agindupean bereziki militarizatu egin diren mugetan. Honen harira, Catanian bertan Ipar Amerikaren armadak Sizilia hegazkin-ontzi lez hartu izana salatuko da, honek ahalbideratu baitie Ekialde Ertainaren eta Afrikaren eskuhartze militarra egin eta gero eta masiboagoa den exodoa sortzea.

Ikusarazteko eta salatzeko ahalegin aipagarria egingo zaio emakume nigeriarrekin egituratzen ari den salerosketa-sexualaren sareari. Izan ere, Italiak urtean praktika hauekin 338 milioi euroko irabaziak dituela balioetsi baita. Gainera, lagundu gabeko adin gabekoen desagertzeak eta landa eremuetan ematen ari den eta orohar izaera sexuala agertzen duen esplotazioa ere jarriko ditugu ikusmiran.

Egoera honen aurrean, dena den, Siziliak badu baita elkartasunezko aurpegi bat; urteen poderioz errotutako eta egoera honi konponbide bat emateko pertsona eta kolektibo ugariz osatutako sarea, helburu moduan, irlara heltzen diren horiek laguntzea, Italiako gobernuak zein EBk egindako politiken salaketa egitea eta lurraldean bertan burutzen diren esku-hartze militarren aurkako jarrera erakustea dituena. Horregatik, Karabanaren helburuetako bat talde hauekin harremanak estutu eta sareak jostea izango da.

 

Azkenik, Calabrian, Riacen zehazki, aukera ezin hobea izango dugu bertako udaletxea, Mimmo Lucanoren gidaritzapean, 1998ko udatik hona burutzen ari den harrera proiektua ezagutzeko. Funtsean, esan genezake, 22 herrialde desberdinetatik etorritako 1800 pertsonaren deskantsurako eta bizitza berri bat eraikitzeko aukera eman dien etxe bilakatu dela Calabriako herri txiki hau.

 

EGITARAUA

13: Bilbo– Donostia –- Iruña – Vitoria-Gasteiz-/ Salt (Girona). Ekitaldi politikoa eta Karabanaren hasiera bateratua.

14: Salt-Ventimiglia: Muga franko-italiarrean manifestazioa, Italia eta Frantziako erakunde lokalek antolatuta.

15: Roya haranera edo Bardonechia eta Ventimiglia herrietan lanean diharduten pertsona zein erakundeekin topaketa. Genovan ontziratzea, Palermora abiatzeko.

16: Palermora helduera Harrera ekitaldiaz gain, afaria eta gaua bertan egingo ditugu.

17, 18 eta 19: Palermo-Catania. Ekintzak, bertako taldeekin koordinatuak.

20: Riacera iritsiera, Ekintzak

21: Riace-Civitavecchia. Bartzelonarako ontziratzea.

22: 20:30etan Bartzelonara helduko gara, eta 8 ordu geroago etxean.

22: 20:30etan Bartzelonara helduko gara, eta 8 ordu geroago EHra.