Bazen behin Bilboko auzo bat, non pertsona mota ezberdinak bizi ziren: gazteak eta nagusiak, haurrak eta agureak, Gaztelakoak, Euskadikoak, Afrikakoak eta munduko leku guztietako izenak zituztenak… elkarrekin bizi ziren armoniaz eta auzoa hobetzeko borrokatzen zuten.
Borroka kausa bat hauxe izan zen: kirola egiteko lekua. Denbora luzez eskatu eta eskatu
ondoren, azkenean Udalak kiroldegi bat egin zuen, igerileku eta guzti; estalitako kantxak ere jarri zituen Udalak, balioanitzekoak. Kantxa horietan, auzoko eta Bilbo osoko jendearentzat irekiak, edozein momentuan, egunez zein gauez, egon ahal ziren gazteak saski baloiaz jolasten, umeak soka saltoka, edozein adinetakoak baloiari ostikadak ematen… kantxa horiek hainbatetarako balio zuten: elkar bizitzeko, ikasteko… eta aterpe izateko migrari batzuentzat, hor aurkitu baitzuten sabaia (hotza, baina sabaia), Bilboko euritik babesteko.
Hainbeste gazte migrari hor ikusita gauero, auzoko pertsona batzuek, ohi bezala, gazte horiei laguntzea erabaki zuten, eta beroa eman zieten. Baina ez mantarik lodienaren beroa, giza beroa baizik: haiei hurbildu, ezagutu, egoera hobetzeko lagundu…
Baina, ipuin guztietan bezala, agertu ziren sorgina, otsoa, ogroa, amaorde gaiztoa… pertsona gutxi batzuek Udalara jo zuten kexaka. Eta Udalak, auzoan inoiz ez ikusitako arintasunez, kantxak hesiez ixtea erabaki zuen, eta kaiolak bihurtu zituen, zabaltzeko eta ixteko ordutegi zehatzez; horrela, inoiz ezin izango ziren erabili gauez, ezta hor migrariek lo egin ere.
Orduan auzokideek amorruz erantzun zuten, eta manifestaldiak antolatu zituzten, beste
auzoetako jendea ere deituta, denon artean ekintzak pentsatzen: kartelak prestatu, hiritar
guztiei gertatutakoa jakinarazi, udaletxe aurrean bildu… zeren inork ez du kaiolarik nahi, baizik eta leku irekiak elkar bizitzeko, gozatzeko, jolasteko, denbora pasatzeko, elkarrekin ikasteko, gizaki bezala hazteko…
Kantxak ixten zituen aldi berean, Udalak aterpetxeak zabaldu zituen, baina behin-behinekoak, kalean dauden pertsonentzat, ez dutenek ez lo egiteko ez haien ondasun gutxi gordetzeko lekurik, irtenbide duina eman gabe. Esan ohi da “ate bat ixten denean leiho bat zabaltzen da”, baina aterpetxeak denboraldi murriztu batez zabaltzea ez da leiho bat, argi eta haize apurtxo bat pasatzen uzten duen zulotxo bat baizik…
Honaino iritsi bazara seguru konturatu zara ez zaudela ipuin bat irakurtzen, errealitate triste
baten kronika baizik. Zoritxarrez, istorioak ez du amaitu, momentuz ez dago “eta hala bazan…”.
Beraz, proposamen bat luzatu nahi dizut, irakurle maitea: egin bat Atxuriko auzokideekin eta istorioa zabaldu, eta egun batean, zuri eta irakurtzen duten guztiei esker, amaiera zoriontsua izango du, maitagarrien ipuinetan antzera.
E.C.