Maiatzak 15 dituen honetan palestinar herriaren Nakba oroitu behar dugu, arabieraz “hondamendia” esan nahi duena. Sionistek Palestinako berezko biztanleen kontra egindako garbiketa etnikoa aurretik zetorren eta ondoren ere mantendu da. Baina 1948an, gaurko egunez, 500 hiri eta herri suntsitu zituzten sionistek, 700.000 palestinar baino gehiago euren etxeetatik kanporatuz.
Horregatik gogorarazi behar dugu gaur palestinar lurretan Israel juduentzako estatu bezala sortzea sarraskien, suntsiketaren eta lur lapurretaren ondorioa izan zela. Baina oraindik orain Nakbak iraun egiten du. Israeldar estatu kolonialak jarraitu egiten du bere
kolonizazioarekin, garbiketa etniko, lur lapurreta, eta apartheid operazioen bidez. Azken 7 hilabeteetan 34.000 palestinar baino gehiago erail dituzte Gazan, eta 500 inguru Zisjordanian. Izaera patriarkaleko genozidioa da gainera: argi utzi dute jomuga militarra direla emakumeak, erresistentzian eta lan erreproduktiboan duten paperagatik; baita umeak ere, palestinar herriaren
etorkizuna direlako. Gazan, biztanleen %75 baino gehiago indarrez lekualdatua izan da, errefuxiatu bilakatuz, beste behin, dagoeneko okupatutako lurraldeetatik zetozen pertsonak. Hau guzti hau ezinezko izango litzateke nazioarteko konplizitaterik gabe. Israelgo estatuaren krimenak zuzenean babestu ez dituztenek inpunitate osoarekin saritu dituzte. EBk eta alemaniar, espainiar edo frantses estatuek, besteen artean, armen salerosketarekin babestu dituzte entitate sionistaren gehiegikeriak. Gainera, Palestinarekin elkartasuna kriminalizatzen dute, Europan errefuxiatuta bizi diren palestinarrei jazarriz.
Nazioarteko BDZ (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainatik, eta palestinar herri zibilaren eskakizunari erantzunez, zera exijitzen diegu gobernu espainol eta frantsesari, euskal erakundeei, eta CAF bezalako enpresei: harreman komertzial, instituzional, diplomatiko, akademiko, eta kirol eta kulturari lotutakoak apur ditzatela. Harremanik ez kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoan oinarritzen den estatu sionistarekin. Eta gaurko egunez, Nakba egunez, beste behin ere, 7 milioi baino gehiago diren errefuxiatu palestinarrek euren lurretara itzultzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu; baita kartzela sionistetan preso dauden guztiena ere. Amaitzeko, antolatzeko deia luzatzen dizuegu: boikot kanpaina guztiak indartzeko; Israelgo estatu hiltzaile eta genozidaren aurpegi garbiketa egin nahi duten konplizitate guztien aurka ekiteko; politikan, instituzioetan, kultura zein merkataritza alorretan ematen diren konplizitate guztien aurka antolatzeko. Gaur bat egin dugu lan esparruko sektore ezberdinek politikaren eta herri mugimenduaren ahots anitzekin, gurasoekin, eta hamaika elkarterekin. Eraman dezagun boikotaren
aldarria gure lantokietara, gure eskoletara, gure asanblada, auzo, herri eta hirietara! Palestinar erresistentziari gure babesa eta elkartasuna erakusteko, Euskal Herrian estatu sionista normalizatu nahi dutenen aurkako borroka indartu dezagun!

Ibaitik itsasora aske izango den Palestinaren alde!
Genozidioa gelditu! Israeli boikota!