Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek, idazki honen bidez, salatu nahi dugu Estatu espainiarreko gobernuak ukatu egin diola Loiuko aireportuan duela 10 egun atxikita daraman gazte saharar bati asilo-eskaera. Horren arrazoia da dokumentaziorik ez izatea. Ukatu ez ezik, orain Marokora premiaz deportatu nahi dute, eta handik ihes egin zuen, politikoki jazarrita zegoelako.

Espainiako gobernuaren eta poliziaren portaera hori, gure ustez, ez dago legean eta zuzenbidean oinarrituta, eta arriskuan jartzen du pertsona horren bizitza, jazarpenagatik ihes egiten ari zen herrialdera deportatuko baitute; horregatik, deportazioa geldiarazteko eskatzen dugu.

Ez dugu onartzen, ez honetan, ez eta antzeko kasuetan ere, gazte hori denboraldi honetan eduki duten egoera. Aireportuko langileek eta Zehar Errefuxiatzaileak-ek artatu behar izan dute, azken erakunde horrek errekurtsoak jarri dituelarik deportazioa eragozteko.

Gure nahia da egoera honi irtenbide egokia ematea, zuzenbidean oinarrituta jardutea, eta deportazio erabat bidegabea eta gazte honen bizitza arriskuan jartzen duena geldiaraztea.