Jokin Revilla González

Itziar Fernández Mendizabal

Jokin Revilla González, Itziar Fernández Mendizabal – Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kideak

Naiz 2017/07/16

Eta, dudarik gabe, elkartasuna dago, eta handia, baina ez nahikoa. Badago itxitako muga bakoitzean, pertsona errefuxiatu eta migranteak jasotzen dituen atxikitze-zelai guztietan, Atzerritarrak Barneratzeko Zentruetan (ABZ), pertsonen salerosketaren kontra, hil arriskuan egindako ibilbideetan, Mediterraneo itsasoan, pertsona “trukagarri” eta “anonimoetan”… Bai, toki guztietan badaude injustiziaren kontra burrukatzen duten pertsonak eta elkartasun-taldeak. Baina ez dira nahiko.

Uztailaren 14tik 22ra bitartean, “Mugak Zabalduz” karabanak penintsula osoa zeharkatu zuen Melillara heldu arte. Salaketak eta protestak egin zituen egon zen leku guztietan. Gerren eta arma-industriaren aurka Bardeetan; espainiar gobernuak nazioarteko zein Estatuko legedia bete dezan eta inplika dadin espainiar kongresuaren aurrean manifestatu zen, eta kontzertinen fabrikazioa arbuiatu zuen Malagan. Era berean, ABZ-ak itxi eta desagerrazteko exijitu zuen Tarifan eta Algeciras-en; hesiak botatzeko eta “emakume zamarien” eskubideak…, hau da, migratzen edo/eta babes bila dauden pertsona guztien eskubideak, Melillan. Horiek adibide batzuk dira. Herri eta auzo askotan antolatzen dira mota askotako elkartasun-ekitaldiak. Baina gehiago behar dira, askoz gehiago.

Gobernuek beren politika alda dezaten pertsona guztiok zerbait egin dezakegula kontziente izan behar dugu, eta horretarako gu geu ere aldatu behar gara. Ondoan ditugu pertsona errefuxiatu eta migranteak ezagutu eta onartu behar ditugula. Elkarrekin bizi eta partekatzeko gai izan behar dugula. Ziur gaude, urrats hori emanda, xenofoboa eta arrazakeria elikatzen dituzten eta min handia egiten dizkiguten zurrumurru faltsu horiek desagertuko direla. Herri askotako gerrak, Somalia, Kenia, Sudan, Yemenen… dauden goseteak, herri askoren bitartekoen ustipaen basatia, pertsonen salerosketa Libian… ez ditugula egiten gure auzo eta herritako pertsonok, kapitalismo sunktsikorrak eta heteropatriarkatuak baizik. Beraz, ezberdinak izateagatik, pertsonak ez gara etsaiak langileria beraren senideak baizik.

Muturreko eskuina gero eta indartsuago dago, eta ultrek ontzi bat itsasoratu dute “bizi ahal izatea baino bilatzen ez dutenak Europara hel daitezen ekiditeko”. Horixe bera egiten du “Frontex” deituriko europar poliziak. Arrazakeria eta xenofobia hedatzen ari dira edonon, gure artean barne. Gehiegitan entzuten dugu “ez naiz arrazista… baina”. Baina horretan hustu egiten gara, gu baino pobreagoak, edo soilik ezberdinak, direnen kontra.

Aurten, Bilboko Jai Batzordeak Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforma hautatu du pregolari. Urte t’erdiko bizitza labur honetan egindako lanari errekonozimendua da. Ohore izateaz gainera, erronka bat da, baina Plataformarentzat ez ezik, Bilbo osoarentzat ere. Guinness liburuan sartzeko aukera dugu, hiri solidarioena izateagatik, gure artean bizi edo etorriko diren pertsona migrante eta errefuxiatuekin hoberen elkarbizitzeagatik. Balkoietan bandera hori gehien eskegi dituen hiria. Gabarra azken aldian atera zenean baino bandera gehiago jarri beharko genituzke. Horrek esan nahiko luke elkartasunaren bidea eraikitzen ari garela. Eta erakutsiko genuke etxe, lantegi bakoitzean, eskoletan, institutuetan, unibertsitateetan, koadrilletan, mendi-taldeetan, futbol-taldeetan, erakundeetan, herri-mugimenduetan, sindakatuetan, alderdietan… jendarte osoan. Honela baino ez dugu lortuko indar-korrelazioa aldatzea, eta orain pertsona batzuen edo talde txikien elkartasun-keinuak direnak, Gizarte Solidario baten jarrera orokor bihurtzea. Denok obedei dezagun arau edo legea izan dadin PERTSONA GUZTIENTZAKO ESKUBIDE GUZTIAK ETA EDONON ezartzen dituena, PERTSONARIK EZ BAITA ILEGALA.
Hauxe da pertsona guztiok dugun eginbeharra, bakoitzak nahi duen moduan egitekoa, baina norabide berdinean. Irribarre batek, besarkada batek aldatzeko ahalmen handiagoa du mila bazterketa edo gutxiespenek baino. Pertsonen zapalkuntzak eta gorrotoak bihotza lehortzen digute, bizitza kentzen digute. Bizirik jarraitzeko haizea, arnasa, behar dugu, eta hori Elkartasunak, hizki handitan, soilik bermatzen digu.