Itziar Fernández Mendizabal

Itziar Fernández Mendizabal – Ongi etorri Errefuxiatuak-ko kidea

Naiz 2018/03/22

 

Baina ez soilik pentsioengatik edo feminismoengatik. Boterea bere lehentasunak aldatzera behartu behar dugu. Ezin dira izan ez bankuen erreskatea, ez AHT, ez erraustegiak eta autobideak, ez boteredunen bizi osorako soldatak, ezta ustelkeria etengabea ere. Lehentasun horiek egunero gero eta pobreagoak bilakatzen gaituztenenak dira, esparru publikoa pribatizatzeko sakeatzen dutenenak. Alegia, CEOE, CONFEBASK eta IBEX 35enak, beren bitarteko otzanek -PP, PSOE edo Ciudadanosekoek, eta gure etxean EAJ eta PSOEkoek- gauzatuta.

Batzuetan bakarrik eta beste batzuetan besterekin elkar hartuta, urteak daramatzate pentsioen sistema suntsitzen. Kontua ez da bakarrik % 0,25 lotsagarria salatzea, baizik eta ordaindutakoaren araberako pentsioen itsulapikoa nola eta zertan xahutu den, nola bermatuko diren etorkizunean estatuko diru-sarreren kontura, eta zenbat eta lehenago transferitu orduan eta hobe izango dela. Lan duin eta iraunkorrei buruz hitz egin behar da, lanen banaketaz eta gazteen emigrazio behartua saihesteaz. 1.080 euroko gutxieneko pentsioaz hitz egin behar da, prestatzen ari diren mugarik gabeko diru-sarrerak bermatzeko errentaz (DSBE), eta, ondorioz, gutxiengo arpilatzaile horren gehieneko soldatak eta etekinak murrizteaz.

HItz egin behar da baztertuta dauden pertsona ugariez, jendarte honen bazterretan bizi direnez, lanik eta babesik gabe, edo duintasunez bizitzea eragozten dieten lan kaskarrak dituztenez, esaterako manteroez eta barneko etxeko langileez, zeinak XXI. mendeko esklaboak diren, nahiz eta ia inork ez hitz egin haien babesgabetasunaz. Hitz egin behar da migratzaile eta errefuxiatuez, beren herrialdetik ihes egin behar izan dutenez gerrengatik, klima-aldaketarengatik, generoarengatik edo haien baliabideak espoliatzen dituzten enpresa transnazionalen gehiegikeriengatik. Kolonialismo berri hau, egun, gaizki izendaturiko lehen munduko gobernu “demokratak” gauzatzen ari dira. Horretarako, bestelako arrazismoa darabilte: aporofobia du izena, eta pertsona pobre guztiak biltzen ditu. Arraza, kolorea, sexu-aniztasuna, erlijioa… elementu arrazista gisa baliatzen ditugu POBREEEKIN BAINO EZ. Aberatsak desberdinak izan daitezke, baina pobreak beti dira itsusiak, eta tokiak zatartzen dituzte. Ez gara arrazistak, negozioak “kaltetzen” dituzte, besterik ez.

Erabaki behar dugu zein jendarte-mota eraiki nahi dugun. Erabaki nahi dugun ala ez egunean 1,5 dolarrekin bizirauten ari diren milioika laguneko mundua, edateko urik gabe, eskolatu barik, edo kontinente batetik bestera joan beharra duena bizia salbatzeko… nahiz eta saiakeran galdu edo esklabo bihurtu edo atzerritarrak barneratzeko zentro batean preso bukatu.

Egunotan, berriz egiaztatzen ari gara: suminduak gehiengoa gara: emakume diskriminatuak, erabili ostean botatako pentsiodunak, esklabo bihurturiko emigrante jazarriak, langabeak edo lan prekariodunak, gehiengoa gara jendarte honetan, eta mugitzen garenean, nabari da gure indarra. Horrexegatik behartu behar ditugu agintariak gu kontuan hartzera, eta, horretarako, gaur, lehentasunak aldatu behar dituzte. Hots: pertsonak eta haien bizitzak negozioen eta merkatuaren gainetik jarri.
Elkarrekin aritzeko gai baldin bagara, “BORROKA HAU IRABAZI EGINGO DUGU”. Merezi duten bizitzak bizi nahi ditugu. Dena berreskuratu nahi dugu -pentsioak, lan duinak, eskubideak, aukera-berdintasuna, gizarte-ongizatea-, hau da, pixkanaka kendu digutena, eta ez dugu onartuko haien mozal-legeek eta poliziek herritarrok mendeko mutu bihurtzea.

Orain, heldu eta gazteek, kolore guztietako pertsonek, baina denak pertsona, bat eginda borrokatzeak dakartzan energia eta poztasuna sentitzen ari garen honetan, amets egiteko eta nahi duguna lortzeko unea da. Borroka hauek guk baino lehen egin zituztenen izenean, Olimpya de Gougesen edo sufragisten izenean, klase-kontzientziadun sindikalisten izenean… bai eta atzetik datozkigun belaunaldien izenean ere. Jo diezaiogun hordagorik handiena jendarte kapitalista eta heteropatriarkal honi. Eraiki dezagun bestelako aukera bat, non pertsonok izango garen gure etorkizuneko protagonistak, non berdintasuna benetakoa izango den eta aberastasuna modu ekitatiboan banatuko den, planeta sarraskitu barik. Ez dezagun denbora gehiagoz onartu eskuin kasposo eta jainkojale hauek gure bizimoduak kontrolatzea, ezta maite ditugun guztien bizimoduak ere.

ESKUBIDE GUZTIAK PERTSONA GUZTIONTZAT!