Jokin Revilla González

Itziar Fernández Mendizabal

Jokin Revilla González, Itziar Fernández Mendizabal – Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kideak

Berria 19/04/2018

Naiz 18/04/2018

 

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformak bi urte bete ditu, eta plataformakideok pentsatu dugu une ona dela etenalditxoa egin eta helburuen, antolaketaren eta ekintzen gainean hausnartzeko. Denbora honetan, denetik bizi izan dugu. Beste GKE batzuetako lagunek diote, borroka hauetan beteranoek, OEE sortu izana azken urteotako albiste onenetakoa dela, eta horrek izugarri motibatzen gaitu. Alabaina, jakitun ere bagara batzuetan nahastu egiten garela, errealitateak urgentziaz jokatzera bultzatzen gaituelako, presaz, eta hori ez da beti eraginkorra izaten; ondorioz, tarteka, ekintzak ezin izaten ditugu koordinatu geure esparru berean ari diren beste gizarte-eragile batzuekin.

Halere, Plataformak egindako ahalegin osoak emaitza garbiak eman dituelakoan gaude. Bizkaia osoan eman dugu ezagutzera migrazio behartuen errealitate ezkutua, bai eta errefuxiatu eta migratzaileei giza eskubideak ukatzen ari zaizkiela ere. Europako Batasunaren politika hipokritak salatu ditugu, eta aipatu pertsonei dagokienez bere legeak etengabe urratzen ari dela ere bai. Aditzera eman dugu Europa igaro dela, Espainiako estatua lehen-lehena, mugetan harresiak eta hesiak altxatzetik Giza Eskubideak defendatzen dituzten pertsonak kriminalizatzera, beren bizitza behartuta lekualdatu dituztenak erreskatatzeari eskaintzen diotenak: Helena Maleno, Jose Palazon edo Open Arms ontziko jendea… Behin eta berriro salatu izan dugu EBk eskuzabal finantzatzen dituela, gure zergekin, gobernu totalitarioak –Turkia- eta Libiako talde armatuak, haien harrapaketa ekonomiko edo gerretako biktimak honaino irits daitezen saihesteko… nahiz eta horren ordaina izan biktima horiek hiltzea edo esklabo bihurtzea.

Espainiako gobernua ikaslerik saiatuenetakoa da politika kriminal honetan. Ceutan eta Melillan alanbre-hesizko harresiak eta kontzertinak zituen, Europan oraindik ez zirenean ohikoak. Orain, gainerako herrialdeek –batzuk gobernu faxistek gidatuak- bat egin dute “moda” horrekin, eta Francoren ondorengoek “mugetako demokrazia” irakaspenak ematen dizkiote Europa osoari, zeinak eskertu egiten dituen bere hegoaldeko polizia efikazaren ahaleginak.

Bestetik, zer esan Eusko Jaurlaritzaz, Foru Aldundiez eta zenbait udalez? Bada, “autogobernuaz” ia 40 urte daramagun honetan, askok –elkar hartuta edo “Estatu-ikuspegia” duten indarrak zeharo babestuta- oraindik jarraitzen dutela esaten 30 eskuduntza baino gehiago daudela transferitzeko, EAEko Autonomia Estatutuan jasoak, eta hortxe dabiltza, tratutan. Guretzat, baina, argi dago migratzaile eta errefuxiatuen drama ez dagoela haien lehentasunen artean, PPko beren bazkide kutunekin negoziatzeko orduan. Horrexegatik, egun, isilarazitako genozidio hau ez dago gure politikarien lehentasunen agendan. “San Egidioko korridore humanitarioaz” hitz egiten dute, edo harrerarako baliabideetan inbertitzen dutenaz, baina egunero lanean ari garenok ez dugu benetako emaitzarik ikusten. Bai, ordea, ez dagoela nahikoa leku Erkidego honetara heltzen diren pertsona gutxi horientzat, behintzat; alderantziz, “esku hartzea” duten erakunde edo enpresetan inbertsioak egiten dituzte harresiak altxatzeko, Bilboko Portukoa, adibidez, edo teknologia-maila handiko punta-puntako enpresak armagintzan diruz laguntzen dituzte, hainbat gerratan pertsonak erailko dituzten armak egin ditzaten.

Hori guztia dela eta, OEEren bigarren urteurren honetan, gogoeta egin nahi dugu, ondo egin ditugunak nabarmendu, gabeziak onartu, eta etorkizunerako planak egin. Apirilaren 21ean, gure helburuak eta ekintzak zehaztuko ditugu. Gure xedea da OEE osatzen dugun guztiok hobeto ezagutzea elkar, eta elkar zaintzea, eraginkorragoak izan gaitezen. Izan ere, gure ustez, oinarri-oinarrizkoa da herri-plataforma batean, zeinaren aberastasun nagusia den askotariko pertsonok osatzen dugula. Familia politiko eta sindikal ugaritako pertsonak elkarrekin ari gara, mota askotako gizarte-mugimendu eta GKE-etako lagunekin batera. Pertsona desberdinak, askotariko kulturak eta joera politikoak ditugun pertsonak eta taldeak. Parte hartzen dugunok gure burua besterik ez dugu ordezkatzen. Tamalez, Euskal Herrian, ez da oso ohikoa.

Apustu handia da. Metafora bat hautatzekotan, zuhaitz batena da gurea: magnoliarena. Ederra izateaz gain, sustrai sendoak ditu, goialde hostotsua, hosto distiratsu eta iraunkorrak, eta lore zuri eder-ederrak. Motel hazten bada ere, sendatzeko gaitasuna ere badu. Halakoxeak izatea nahi OEE eta erakunde ahaideak, Euskal Herri osoan, iparraldetik hegoalderaino.

Magnoliak errotu nahi ditugu, eta pertsonen lanarekin elikatu, pertsona hauekin: gizakiarekin loturiko guztia haien ardura ere badela uste dutenekin; beste pertsona batzuk “ilegalak” izan daitezkeela onartzen ez dutenekin; memoriari eutsita noizbait denok izan garela etorkin oroitzen dutenekin; jakni badakitenekin elkartasuna eta justizia ez dituztela ekarriko beste Kontinente batzuk arpilatzen dituzten enpresa transnazionalek, ez eta hemen emakumeak, pentsiodunak, langabeak, etxegabeak edo baliabiderik gabeak, izan bertokoak edo etorkinak, esplotatzen dituztenek ere.

Magnolia hau, elkartasunez ondo ongarritua eta maitasunez ureztatua, hasia da lore zoragarriren bat erakusten: Grezia eta Hego Mugarako Karabanak eta, egun batzuk barru, EHko “Mugak Zabalduz”, “Harrera/Acogida” Batzordeak, “Gerra hemen hasten da”, eta eguneroko lana, ia ikusezina ─bandera horiengatik salbu─: hitzaldiak, mota orotako mobilizazioak, ekintza asko eta asko herri eta auzoetan, lankidetza beste erakunde edo Koordinakunde batzuekin… Loreak ez dira beti handiak izaten, baina gure herri eta auzoetako pertsona kaltetuenen bizimodua hobetzen laguntzen dute. Magnolia ezin da bizi elikagai dituen milaka hostoak gabe. Hala, OEE ezingo litzateke bizi egunero jendarte berdinzale, multikultural eta bidezkoagoaren alde borrokatzen diren ehunka pertsona horiek gabe.
Eginkizun honetan, ez dago sekreturik, dena baitago asmatuta. Beraz, hausnarketa honi amaiera emateko, gogoratu nahi dugu hemen bizi garenok, inolako diskriminaziorik egon ez dadin lanean, ezinbestekoak garela. Sobera bakarrik daude kapitalismo heteropatriarkal basatiaz, pobreen arteko gerra elikatzen ari den horretaz, baliatzen direnak. Ez diezaiegun utzi! Egin dezagun bat mundu hobea nahi dugun guztiok, eta zokora ditzagun Historiako ganbarara sistema hau elikatzen dutenak, beren transnazionalekin, planetarekiko begirune ezarekin, matxismoarekin eta kapitalismoarekin elikatu ere. Ondo merezia dute, mundu bidegabe eta berdintasunik gabea egiten laguntzeagatik. Bien bitartean, saia gaitezen jendarte benetan bidezko eta alaia eraikitzen, non arau goren “eskubide guztiak pertsona guztiontzat” izango dugun, denok izan dezagun beharrezkoa Naturarekin eta inguruko gainerako pertsonekin, jatorria edo azalaren kolorea edozein dutela ere, bakean bizitzeko.