Iñigo Sancho – Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kide

Berria 01/07/2018

Elkarrizketa

Neka-neka eginda dago Iñigo Sancho (Bilbo, 1981). Egunak daramatza Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako beste hainbat boluntariorekin jo eta su lanean, Bilbora iritsitako azken migratzaileei laguntza oinarrizkoena eman ahal izateko. Hala ere, ez du uste migratzaileen eta errefuxiatuen kopuruak gora egin duenik: «Hau ez da migrazio olde masibo bat, askok sinetsarazi nahi diguten bezala». Arazoa errokoa dela dio. Egiturazkoa.

Migratzaile talde handi bat iritsi zen Bilbora ostegunean. Nondik zetozen?

Berrogeita hamar lagunetik gora ailegatu ziren Bilboko autobus geltokira. Boli Kostatik, Senegaldik eta Malitik zetozen gehienak. Malagara ailegatuta [Espainia], Gurutze Gorriak eta Poliziak autobus batean sartu zituzten, eta hona bidali. Dena den, argitu behar dut Bilbora dozenaka migratzaile iristen direla urtero-urtero; hortaz, aurtengo immigrazio fluxua eta aurreko urteetakoak oso-oso antzekoak dira. Esan izan da etortzen direnen kopurua izugarri hazi dela, masiboki sartzen direla… Hori guztia gezurra da. Gisa horretako mezuek arrisku handia dute: izugarri zabaltzen dira sare sozialei eta hedabideen bidez, eta alarmak pizten dira berehala. Horrela ernatzen da xenofobiaren kimua ere.

Eta zuen elkartea arduratu da migratzaile horiek artatzeaz?

Bai, plataformako kide bat autobus geltokian zegoen, eta hark pasatu zuen abisua. Berez, Gurutze Gorriari dagokio iristen diren migratzaileak artatzea, baina oraingoan ez zituzten artatu. Izan ere, Gurutze Gorriak, gaur egun, ez du gaitasunik, baliabiderik edota borondaterik migratzaileen fluxu hori kudeatzeko.

Borondaterik ere ez?

Hainbat faktore dira. Batetik, komunikazio zuzenik ez dago: hemengo boluntarioek ez zekiten Malagatik autobus bat zetorrenik ere; bigarrenik, dauzkaten baliabideak ez dira nahikoak; eta azkenik, utzikeria apur bat ere antzeman dugu, bai.

Bilbora iritsitako azken autobus horren kasuan, nola antolatu duzue laguntza?

Hilabeteak dira Bilboko Udalaren zerbitzuek gainezka egin zutela, eta, gisa honetako egoera bati aurre egiteko, ez dute gaitasunik berehalako erantzun bat emateko. Hortaz, laguntza sare bat osatu genuen hainbat lagunen artean, oinarrizko laguntza bermatzeko: aterpea, paperak… Horrez gain, bilera sorta bat egin dugu alderdi politikoekin eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Iñigo Pomborekin.

Zer eskatzen diozue Bilboko Udalari, zehazki?

Aldarrikatzen dituen balio horiekiko koherentziaz jardun dadila. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak ez luke ibili behar babes eta laguntza sare hori antolatzen. Gurutze Gorriak ezin baditu migratzaileak artatu, udalaren ardura da. Bilbon badira hutsik dauden hainbat ikastetxe publiko, eta udalaren esku dago horiek irekitzea. Udal aterpetxeekin ere gauza bera gertatzen da: harrigarria da horiek udan itxita edukitzea.

Erakundeek neurri zehatzik hartu al dute orain arte?

Bilera sorta horretan udalari eskatu genion Gurutze Gorriari presio egin ziezaiola, eskura dituen baliabideak erabil ditzan. Horri esker, 50 pertsonarentzako behin-behineko aterpea lortu genuen ostiralean. Arazoa da, batetik, hiru egunerako besterik ez dela, eta, bestetik, gune hori 21:00etatik 08:00etara arte bakarrik erabil daitekeela, lo egiteko. Gosaldu ostean alde egin behar dute, eta egun osoa eman behar dute kalean. Aintzat hartu behar dugu pertsona horiek hilabeteak daramatzatela bidean, Mediterraneoa zeharkatu ostean oso nekatuta daudela eta behar larriak dituztela. Hortaz, eskaintzen zaiena adabaki bat besterik ez da.

Zer proposatzen duzue?

Guk eskatzen dugu Bilbo harrera hiri bilakatzea, hitzaren adierarik osoenean. Horretarako, beharrezkoak dira, batetik, larrialdi plan bat, zerbitzu publikoek gainezka egiten dutenean oinarrizko laguntza eta baliabideak bermatzeko; eta bestetik, plan estrategiko bat, beste herrialde batera joan beharrean Bilbon gelditzea erabakitzen duten migratzaileentzat. Izan ere, Europarako bidean, gehienek bizpahiru egun ematen dituzte Bilbon, baina badira hemen gelditu nahi dutenak ere, eta horiei eskaini behar zaie irtenbide bat epe ertain edo luzerako. Gaur gaurkoz, ordea, kale gorrian bizitzera kondenatzen ditugu.

Erakundeek beste alde batera begiratzen dute?

Hori da Europak hartu duen bidea, eta egun hauetako akordioetan argi gelditu dena: deportazioak sustatuko dituzte, atxilotze zentroak ugaritu, eta diruz hornituko dituzte Libia eta Turkiako miliziak, migratzaileen kontrako indarkeria handitu eta arazoa Europako mugetatik kanpora ateratzeko. Fokua migratzaileengan jarri beharrean, egiturazko arazoetan eta gerra inperialistetan jarri beharko genuke.