Mugak Zabalduz Karabana iazko uztailean Italiara joan zen, eta han Riace herrian amaitu zuen ibilbidea, Calabriako kostaldean. Karabanan parte hartu genuenok aukera izan genuen herri txiki horren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Esan behar dugu esperientziak hunkitu gintuela, baita bere alkatearen hitzek ere. Gaur egun Riace harrera-herria da, ez dauka zer ikusirik orain dela 30 urte zenarekin; eta aldaketa horretarako Domenico Lucano alkateak lan handia egin du, auzokoen konplizitearekin lagunduta.
Riace herriak urteak daramatza migratzaileak hartzen, beren herrietatik eta arrazoi ezberdinak direla medio ihesi kostaldera iristen zaizkien pertsonak. Domenicok eta Riaceko auzokoek herriaren errealitatea aldatu egin dute. Riace guztiz gainbeheran zegoen aspalditik, eta, gure inguruko herri askotan bezala, pertsona zaharrak bakarrik biziz ziren. Gaur egun ordea, migratzaileekin edo babes bila joandako pertsonekin bizitzeari esker, herri honek badauzka tabernak, merkataritza, eskola eta zerbitzuak. Hau da, jendea hartzea onuragarria izan da guztientzat.
Erronka honetan Domenico Lucanok aurre egin dio sistemari, Calabriako mafiari, eta orain arazo larria dauka italiar gobernu neofaxista, imperialista eta xenofoboarekin, baita Matteo Salvini barne-arazoetako ministroarekin ere. Pertsonaia gaizto honek, italiar epaileak erabilita, gizarte-laguntza guztiak murrizteaz gain, Lucanori galarazi dio Riacen bizitzea, alkatea den herrian. Gainera, deseuztatu nahi du orain arte arazorik gabe funtzionatu duen proiektua. Azken batean, asmoa da Europa gotorlekuarentzat “eredu txarra” izango litzatekeena saihestea.
Hala ere, Italia mobilizatzen ari da bidegabekeria honi erantzuteko, eta Mugak Zabalduz Karabanan parte hartu genuen mugimenduek, hemen eta estatuan konzentrazio honen bitartez, gure protesta agertu nahi dugu Italiako Gobernuaren jokaeraren aurka eta Domenico Lucanoren eta Riaceren alde, baita harrera-proiektuak garatzen ari diren gainontzeko herri italiarren alde ere.
Zorionez, italiar alkate talde batek Salviniren aurka egin du politika migratzaileak zailtzen dituen segurtasunaren legea dela eta. Zehatz-mehatz, Palermo, Napoli, Parma edo Florentzia hirietakoek uko egin diote araua ezartzeari, giza eskubideak urratzen direla argudiatuz. Alkate hauek, hiri nagusietako batzuek, aurre egin diote barne-arazoetako ministroari eta iragarri dute arauaren xedapenak ez dituztela ezarriko, beraien ustez, atzerritarren bizitza zailtzera zuzenduta daudelako.
Palermoko alkateak, Leoluca Orlandok, adierazi du lege honetan diskriminaziotik asko eta benetako segurtasunetik gutxi dagoela. “Arrazakeria usaina dario” esan du, eta gaineratu du: “Gizagabeko testua da, giza eskubideak urratzen dituena eta krimenera eragiten du, ilegaltzat hartzen baititu gure lurraldean legalki dauden pertsonak”. Salviniri eraso zuzena eginez, jarraitzen du: “Erregimen totalitario guztiek arrazagatiko legeetan dute hasiera”.
Mugak Zabalduz Karabana, alkate hauek babesten ditugu, kontsekuenteak eta desobedientzia zibila egiteko prest daudelako. Gainera, datorren astelehenean, idazki honi atxikitzen zaion dokumentua erregistratuko dugu kontsulatuen egoitzetan zein Italiako enbaxadan. Bertan gaitzesten ditugu migratzaile edo babes bila diren pertsonen aurkako politika neofaxistak, zeinak, Italiako Gobernua bezala, Europar Batasuneko beste nazio eta talde politiko batzuk garatzen ari diren.
Italia eta Maltako portuak ixteko politika ere gaitzetsi nahi dugu, alkate italiarren taldeak egin duen bezala. Pedro Sanchezek ordea estrategia kopiatu eta erreskaterako Open Arms itsasontziaren irteera blokeatu du Bartzelonako portuan, eta Aita Mariri berdina gertatuko zaion beldurra dago.
Azkenik, gogoratu nahi dugu maiatzaren ”BESARKADA” izeneko ekimen europarra egingo dugula, duintasunez bizi eta migratzeko eskubidearen alde, neofaxismaori aurre eginez. Horretarako, EHko, estatuko, eta Europako beste herri eta hirietako beste giza mugimendu batzuen laguntza izango dugu, eta, bide batez, Euskal Herriko gizarteari gonbitea egiten diogu egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzera.
Leave A Comment