200 pertsona inguruk ekintza bat egin dute Bilboko itsasadarrean “Harresi gehiagorik ez, zubiak egin ditzagun” lelopean. Ekintza hau Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deitu du Besarkada-Abrazada europar ekimenaren barruan, eta Marzana zubitik Mesedeetako zubirako bidea egin du hamabietatik aurrera. Parte hartzaileak zubietatik ibili dira giza kate bat eginez eta zubi bakoitzean pankarta bertikal bat zabaldu dute. Pankartan kanpainako leloa agertzen da –Herri, Pertsona eta Giza Eskubideen Besarkada– eta ibilbidea amaitu dute besarkada kolektibo batekin, Europako beste herri eta hirietan bezala, maiatzaren 5ean Durangon amaituko den ekimenaren sinbolo.

Ekintza honetan, Ceutako hondartzara heldu nahian, Tarajalen Guardia Zibilak jaurtitako gomazko balak eta ke poteen ondorioz hildako igerian zihoazen 15 pertsonak ekarri dituzte gogora. “Duela bost urte gertatutako hilketa hauen inpunitatea salatu nahi dugu”.

Herri plataformak, iaz Bakearen Gernika Saria jaso zuen giza eskubideen defendatzailearen Helena Malenoren egoera ere salatu du. “Bera izan zen istilu aurkako material egiten den erabilera ohartarazi zuena eta bera da hegoaldeko mugan egiten den giza eskubideen urraketa salatzen jarraitzen duena”.

Ongi Etorri Errefuxiatuak-en arabera, “ez da kasualitatea jasaten ari den jazarpen judiziala eta mugitzeko askatasunaren murrizketa”. Bizitzak eta giza eskubideak defendatu eta elkartasuna praktikatzen dutenen kriminalizazioa gertakari globala da, mugak ixtearekin lotura daukana, Michel Frost Nazio Batuetako errelatore bereziak adierazi duen moduan.

Ekintzan, Aita Mari itsasontziari buruzko babeseko hitzak ere esan dituzte. Itsasadarrean atrakatuta dago Itsas Museoaren ondoan, agintarien baimenaren zain Mediterraneo zentralera joan ahal izateko behaketa eta erreskate misioak egiteko. “Hemen Aita Mariren, Bartzelonan Open Arms-en, eta Katanian Sea Watch-en blokeoarekin, ez da Mediterraneoan holokausto honen lekukorik geratzen” salatu dute eta bide batez Mugak Zabalduz karabanaren komunikatuari atxikimendua adierazi diote, “Pedro Sanchez-en gobernuak Aita Mariri eta Open Arms-eri egindako blokeoa salatuz; izan ere, Salvinik Sea Watch-ekin daukan politika berari jarraitzen dio gobernuak”

M5 Besarkada europar ekimenaren konpromisoetako bat “elkartasuna erakusten duten europar erakunde eta pertsonen, eta migratzaileen kriminalizazioa gelditzea da, eta Europako bizimodutzat defendatzen dituzten gizatasun eta elkartasun baloreak babestu eta goraipatzea, hauteskunde europarren testuinguruan tankera neofaxista, xenofobo eta antifeministako politika migratzaileei aurre egiteko”.

Tarajalen hildako hamabost pertsonak oroitzeko, itsasadarrean lore eskaintza batekin amaitu da ekitaldia. “Europar Batasunaren politika hiltzaileen biktima izanda, 2014ko otsailaren 6an hil zituztenen izenak esan nahi ditugu, edo behintzat ezagutzen direnak”.

Azkenik, parte hartu duten emakumeak deitu dituzte, martxoaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan Arriaga plazan egingo den emakumeen Besarkadan parte hartzera. Emakumeen giza katea, hurbil dagoen Azaroaren 25eko plazatik abiatuko da eta bizitzak eta giza eskubideak erdigunean kokatzea aldarrikatuko dute partaideek, martxoaren 8ko greba feministan eta maiatzaren 5eko europear ekimenean parte hartzeko deialdi moduan.

Bilbo, 2019ko otsailak 9