Tangerreko Apelazioko Auzitegiak amaitutzat jo du Giza Eskubideen Babesle Helena Malenoren kontrako auzi penala. Pertsonen ustezko trafiko-delituagatik salatu zuten, paterak arriskuan zeudela ohartarazteko Salbamenduari edo Marokoko Marinari egindako deiengatik.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak pozez jaso du berria, azkenean ezerezean geratu delako zalantza barik Espainiako estatuko Gobernuak temati eragindako bidegabekeria. Halere, inork ezingo dio ordaindu Giza Eskubideen Babesleari, nazioartean halaxe aitortuta dagoenari, honek guztiak eragin dion mina eta oinazea. Zorionak, Helena!

Alabaina, erne zaintzen jarraitu behar ditugu Giza Eskubideak babesten dituzten pertsonen kontrako erasoak, beste pertsona batzuen bizitzak salbatzeko eurenak arriskuan jartzen dituztenen aurkakoak. Espero dugu Helena bakean uztea, hala Frontexek nola UCRIFek, baina izan dezagun argi beste kasu askotan, Hego Amerikan edo Mendebaldeko Saharan, kasu, gauza bera gertatzen ari dela. NBEk aztertu bezala, Europako Batasunari dagokionez, errefuxiatu eta migratzaileen eskubideak babesten ari diren pertsonak gogorki jazartzen eta kriminalizatzen ari dira. Halaxe berretsi du NBEko Kontalari Bereziak txosten atean: “Mugimenduan dauden pertsonak babesten ari direnak aurrekaririk gabeko murrizketei aurre egin beharrean daude, mehatxuei eta erasoei barne, hala nola salaketei diskurtso publikoan eta kriminalizazioari”.

Izan ere, giza eskubideei buruzko nazioarteko arauek ez dute babesten, inola ere, jendarte zibileko erakundeak errefuxiatu eta migratzaileei laguntza emateagatik auzipetzea. Ekitatea politika publikoei loturiko balioa da; bada, elkartasuna zuzenean dago lotuta Giza Eskubideen oinarrizko funtsekin, eta pertsonek eta gizarte-erakundeek eskubide eta betebehar osoak dituzte hura praktikan jartzeko, eskakizun etiko saihetsezina baita. Areago, premia duenari laguntza ematea, haren egoera administratiboa alde batera utzita, ezin hobeto egokitzen zaio Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideari.

Ezin legitimoagoa da pertsonei Mediterraneoa zeharkatzen laguntzea, erakundeak arauak behin eta berriro urratzen eta nekropolitikak ugaritzen ari diren honetan, erkidego- eta estatu-mailako legeriez harago, zeinak aberriratzeak eta berehalako itzulketak lehenesten dituzten. Laguntza humanitarioa eta pertsonen arteko elkartasuna ezin dira izan inola ere ilegalak. Mugimendu sufragistaren buruzagi Emmeline Pankhurstek epaitzen ari zitzaion epaimahaiari esan bezala, 1908an, “Hemen ez gaude legeak urratu ditugulako, baizik eta bestelako legeak sortzeko egiten ari garen ahaleginengatik”.

OEEk migrazio eta babesaren esparruan EB egiten ari den politika salatzen segituko du, hala nola gure Gobernuei exijitzen Giza Eskubideak aplika ditzaten, alegia, egun egiten ari direnaren kontrakoa egin dezaten.

Bilbo, 2019-03-13.