Errefuxiatu eta migratzaile gehienen egoera eutsiezina da.

Migrazioa gerrek eragiten dute, hala nola mendebaldeko transnazionalek herrialdeetako baliabideak espoliatzeak, desparekotasunek, genero-arrazoiek, eskubideen bortxaketak, klima-aldaketak.

Estatuek asiloaren edo herritartasunaren gainean erabakitzen dute, baina udalerriek bermatu behar dute harrera, beste erakunde batzuekin koordinatuta. Garaia da Euskal Herriko udalerriak “politika onaren” edo gauza publikoa elkartasunaren eta pertsona guztion gizarte-ongizatearen pareko bilakatzen duenaren buru izateko.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak udalerri-mailako boterea deitu nahi du, errefuxiatu eta migratzaileen eskubideak leheneratuko dituzten konpromisoak egitura ditzan; sare alternatibo bat era dezan, toki-erakundeekin, gizarte-mugimenduarekin eta herritarrekin batera, beste maila bateko erakundeen utzikeria ikusita pertsona horien beharrak betetzeko irtenbide zehatzak aurkitzea xede.

Geure udal-jarduketa egungo egoerari aurre egiteko, eta gure herriak epe luzerako elkartasunerako prestatzeko, gertatzen ari dena ez baita kontu zehatz bat. Gertakizunei aurrea hartuta, gure udalerriak bertara iristen ari diren errefuxiatu eta migratzaileei harrera egiteko prestatu nahi ditugu, dagoeneko bertan daudenei arreta eskaintzeari utzi gabe.

Egungo egoera eragiten ari diren arrazoiak eragotzi ezin ditugun bitartean, herri gisa epe luzerako elkartasunerako prestatu behar dugu, bai eta gure udalerriak harrera-lurralde bilakatu ere.

Hori dela eta, udal- eta foru-hauteskundeak datozen honetan, alkategaiengana jo dugu 16 gairi dagokienez zein konpromiso hartuko dituzten jakiteko; horretarako, GALDERAK, KONPROMISOAK ETA PROPOSAMENAK biltzen dituen dokumentu bat prestatu dugu, esparru hauekin lotua: 1. Erroldatzea etxebizitza finkorik gabe. 2.Auzotasun-txartela. 3. Informazio-zerbitzuak. 4.- Harrera Integrala. 5.- Inklusio, arreta eta prestakuntzarako ibilbide integralak. 6.- Etxebizitza eskuratzea. 7.- Giza salerosketaren biktimak. 8.- Indarkeria matxistaren biktimen arreta. 9.- Aldi baterako egonaldia. 10.- Industria militarrik gabeko lurra. 11.- Bizikidetzaren aldeko eta xenofobia eta arrazismoaren kontrako politikak. 12.- Profil etnikoa dela kausa nortasun-agiria eskatzeko debekua. 13.- Norbere egoera administratiboa alde batera utzita, auzotar guztiek kontsultak egin eta parte hartu ahal izateko mekanismoen ezarpena. 14.- Kargu publiko eta udaleko langileentzako prestakuntza. 15.- Aurrekontua. 16.- Udalerrien arteko koordinazioa.

Era berean, Europako Parlamenturako hautagaiei galdetu diegu zein inplikazio izango duten MUNDUAN BAKEA SUSTATZEKO MIGRAZIO POLITIKA EUROPAR SOLIDARIOAREN ALDEKO KONPROMISOETAN. Agiri honek, aurrekoaren ildotik, baina EBren eskumenei buruzkoak, 15 atal ditu; denak daude lotuta migrazio-politikak EBn bizi diren edo beste toki batzuetara iristeko migrazio-prozesuan dauden pertsonen Giza Eskubideak benetan betetzeko Europako Parlamentuaren bitartez aldatu, ezabatu edo ezarri beharko liratekeen arauekin. Besteak beste, gai hauek ditu hizpide: harrera duin eta baldintzarik gabea, eta deserriratuen edo paperik gabeen gizarteratzea eta herritartasuna; errepresioari, migratzaileak kanpoatzeari eta mugetan zaintza gero eta zorrotzagoa ezartzeari utzi beharra, eta Europako lurraldean sartzeko legezko ibilbide seguruen sustapena, pertsonek bizia jokatu gabe migratu ahal izateko; arriskuan dauden deserriratuen salbamendua, babesa eta baldintzarik gabeko asiloa bermatu, Europako herrialdeetan eta zeharkatzen dituzten lurralde, itsaso eta mendietan dauden bitartean, Nazioarteko Itsas Zuzenbidearen eta mendian eman beharreko laguntzarekin loturiko balioen arabera; berehala geldiarazi beharra mugak esternalizatzeko edozein lankidetza, batez ere demokratikoak ez diren herrialdeekin (Turkia, Libia).

Bilbao, 2019ko maiatzak 20.