Azken urteetan, Euskal Herritik, eta “Mugak zabalduz” ekimenean, parte hartu izan dugu Grezia, Italia eta Hegoaldeko Mugara joandako karabanetan, Europar Batasunak migrazioaren kontuan daraman politika hiltzailea salatzeko asmoz.
Aurten euskal Herrian geratukoa gara baina ez gara isilik geratuko, garrantzitsua iruditzen zaigulako hemen bertan egiten diren jarduera politiko eta ekonomikoak -eta horien ondorioak pertsonen bizitzetan salatzea.
Gaur hemen gaude Nafarroako landa eremua eta bertan lan efgiten duten pertsonen eskubideak defendatzeko. Elikadura burujabetza, nekazaritzan eta abeltzaintzan ingurugiroarekiko errespetuzkoa den bertako ekoizpena eta familia arloko ustiapenaren alde gaude, baina ez langileen baldintza prekarioen kontura.
Behin eta berriz errepikatuko dugu, ez da kasualitatea, egiturazko arrazakeria baizik.
Salatu egingo dugu pertsona migratzaileen manipulazioa beren eskulanei ahalik eta etekin gehiena xurgatzeko, bai osasun arloan, bai etxeko zainketetan, bai kontserba-lantegietan, edo baita landa eremuko langileen kasuan ere. Eta hau gertatzen da Gizarte-segurantzaren laborantza-erregimenari eta Atzerritarren Legeari esker, langile migratzaileen zapaltzeaz elikatzen den produkzio-sistema baten euskarriak direlako.
Gaur “Huerta de Peraltan” egon gara eta bertan kontatu digute langileek enpresak ez duela hitzarmena betetzen eta zenbait langileen kontrako salaketa kanpainarekin dirauten.
UVESAn ere egon gara eta bertako langileek kontatu digute pairatzen duten egoera: soldata baxuak, malgutasun handia, gehigizko lan erritmoak eta osasun-arloko baldintza kaxkarrak.
Castel-Ruizen ere egon gara. Babesa eman nahi izan diegu beraien eskubideen alde borrokan diarduten langileei. Kontatu digutenez, enpresak kaleratu ditu eta beraien jatorriaren araberako estigmatizazioa egin du. Kaleratze hauek salatu izan dira epaitegian eta lehenbiziko epaiketa uztailaren 29an izango da.
Lan-baldintzak hobetzea eskatuko dugu, eta gutxienez laborantza lan-hitzarmenek agintzen dutena bete dadin.
Bihar, Mugak zabalduz EHko karabanak bere ibilbidea jarraituz Gipuzkoa bisitatuko du. Bertan SAPA eta armak ekoizten dituzten beste euskal enpresak salatuko ditugu. Jakin badakigu Euskal Herrian armak ekoiztu eta esportatu egiten direla hamaika gatazka-gunetara, Siria, Yemen, Kurdistan, Palestina… erailketak eta sarraskiak eragiten . Eta herri horietan gatazkek jarraitzen duten bitartean, pertsonen desplazamenduek jarraituko dute.
Igandean bat egingo dugu estatu mailan, pertsona migratzaile guztien erregularizazioa eskatzeko egindako deialdiarekin. Eguerdiko 12etan kalean izango gara Iruñean, Donostin eta Bilbon. Ez Hau ez da karitatezko eskaera, justizia soziala baizik, eta horretarako ezinbestekoa da atzerritartasun legea bertan behera uztea, prekarietaterantz bultzatzen gaituelako modu askotan.
Azkenik, 2020ko abuztuaren 26tik 30era Bilbon, balentzian, Briancon, Catanian, Palermon eta Triesten burutuko den Europako karabanan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu
ERREGULARIZAZIOA BEHINGOZ! MUGAK ZABALDU!
Leave A Comment