Joan den asteazkenean sute batek Moriako errefuxiatuen gunea suntsitu zuen. Europako migratzaileen eta errefuxiatuen eremurik handiena da, Lesbosen (Grezia). 3.000 pertsona hartzeko diseinatuta zegoen, eta, sutea baino lehen, 13.000 bizi ziren bertan, pilatuta eta baldintza negargarrietan , lau urtetik hona!, Europako hainbat herrialdetan birkokatuak izateko zain.

Egoera jasanezina zen: komun bat 160 pertsonarentzat, dutxa bat 500 pertsonarentzat, 400 adingabe baino gehiago bakarrik, higiene, elikadura, psikologia eta lege baldintzarik gabe, Coronavirusagatik erabat itxita… Hala salatu dugu askotan hainbat erakundek. Baina Europar Batasunak eta hura osatzen duten gobernuek entzungor egiten diete justizia-eskaera horiei.
Kiskalita gelditu da Moria. Greziako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du eta uhartetik irtetea debekatu die pertsona guztiei. Beste behin ere, mehatxutzat jotzen dituzte migratzaileak; izan ere, Morian gertatu denaren erantzuleak klase politikoa eta haren migrazio-politikak dira. Haiek utzi dute urtetan beren etxeetatik asilo bila ihes egin duten milaka emakume, haur eta gizon eskubide gabeko leku batean bizi daitezen, giza duintasunaren muga guztiak gaindituz.

Zoritxarrez, Europan eskubiderik gabeko leku asko daude, Moriako gunea bezalakoak. Muga gehienetan, adibidez, egunero zigorgabetasunez urratzen dira “delitu” bakarra gerratik, salerosketatik, indarkeriatik, gosetik, miseriatik, lehortetik… ihes egitea duten pertsonen giza eskubideak. Europako herrialdeek, askotan migrazioak eragiten dituzten egoera horien eragile direnek, pertsona horien eskubideak errespetatu behar dituzte, beren migrazio-prozesuak bermeekin erraztu, 2017an bete ez ziren konpromisoak gogoratu eta Moriako biktima guztiak baldintza duinetan birkokatu.

Pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea exijitzen dugu.

Asilo-eskubidea bermatzea exijitzen dugu.

Europako gobernuek hartutako konpromisoak betetzea exijitzen dugu.

Pertsona horiek Europar Batasuneko herrialdeetan berehala birkokatzea exijitzen dugu, baldintza duin eta seguruetan.

Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari birkokatze horretan parte hartzeko exijitzen diegu.

Eta gogoratu eta oihukatzen dugu, berriro ere, MIGRATZEA ESKUBIDEA DELA, ez delitua.