Urriaren 25ean BERRIAn Migrazioa? Ez, mila esker artikulua irakurtzeak izugarri harritu gaitu. Atentzioa eman digun lehen gauza hizkera da, ez inuzentea, eskuin muturraren diskurtsotik maileguan hartuta. Migrazioa masibotzat hartzen da, barbaroa, gaitza balitz bezala, gure Euskal Herri eskuzabalarekin kontrastean. Nahitaezko migrazioa eta eskubidedun migrazioa ez dira behin ere izendatzen. Migrazioa ez da herriak hipotekatzen dituen gaitz bat, egileak sinetsarazi nahi digun bezala, hipoteka hori lehendik ere bazegoen, oraindik ere existitzen da, eta, gainera, beren sorterria utzi ondoren geratzen den egoeraren errua ezin zaie migratzaileei egotzi. Erantzukizuna gurea da, Ipar globaleko gizarteak ez gara gai milioika pertsonak beren herrialdea uztera behartzen dituen erauzte, ekoizte eta kontsumitze eredua geldiarazteko. Pertsona migratzaileak hona datoz, gure enpresak eta armak han daudelako.
Ez dago hedabideetan migrazioaren aldeko iritzia sortzeko kanpainarik. Mugak ixtea etengabeko jarduera da. Adibidez, helmugako herrialdeek sorterri direnekin egindako dozenaka akordio, migrazio joan-etorriak geldiarazteko. 2016an, Belgikako Barne ministroak proposatu zuen Greziak ez lagatzea pasatzen bere kostaldera iristen diren txalupak, eta jendea itsasoan itotzen uztea. Distantzian eta denboran gertuago, ekainean Melillako hesietan 37 migratzaile hiltzea Espainiako Gobernuko presidenteak «ondo egindako lantzat» jo zuen.
Sistema kapitalista arrazista da. Ez du populazio migrantea nahi, baina aldi berean behar du.
Migrazioa Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasun arrakala handitzearen ondorioz gertatzen da. Eta, hor bai, sistema kapitalistak migrazio irregularra bultzatzen du, eskubiderik gabeko eskulan baten gehiegizko ustiapena errazago gauzatu ahal izateko.
Tokiko langile klaseak bere klase bereko sektore migratzailearekin duen harremanari dagokionez, artikulua eskuin muturreko sare sozialen antzeko mezuak azaltzen ditu: «Migratzaileek lana kentzen digute, eta soldatak beherantz bultzatzen dituzte». Oso mezu kaltegarriak langile klaseko kideen beharrezko batasuna bultzatzeko, beren jaioterria edozein izanda ere. Ezkerrari dagokio bulo horiek indargabetzea eta azaltzea migratzaileek ez datozela gure eskubideak kentzera. Eskubide osoarekin datoz planetako biztanle gisa dagokien aberastasunaren zatia erreklamatzera, aurretik kendu dieguna.
Artikuluak migrazio masiboaren aurkako tintak kargatzen ditu, «tokiko langileak desarmatzen dituena eta haien konkista sozialak arriskuan jartzen dituena» (…) «tradizio soziala eta bere burua defendatzeko baliabide sindikal eta politikoak dituen euskal gizartea prekarizatu eta desegiteko». Jarrera horiek lehen euskal sindikalismo abertzalearen sorrera urteetara garamatzate, eta langile etorkinak euskal langileen interesen etsaitzat hartzen zituen izaera erreakzionariora ere. Zorionez, posizio horiek ez dute inolako pisurik euskal ezkerrean, aspaldi onartu baitzuen euskal herritarra dela Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena.
Soldaten beheranzko ustezko presioari buruz ematen duen datu bakarra da bere herriko etxeko langilearena, bilera batean lehen kobratzen zuenaren erdia kobratzen ari zela adierazi zuena, eta horren errua migrazioari egotzi zion. AHT-ELEk (Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea) argitaratutako datuen arabera, 40 orduko gutxieneko soldata gordina, 14 ordainsaritan, 655,20 euro zen 2016an, eta 1.125,83 euro 2021eko irailaren 1etik aurrera ( %72ko igoera).
Autorea argudio erreakzionario horiek ezkerrez errebindikatzeko kutsu solidarioz janzten saiatzen da. Alferrik. Lehenik eta behin, migratzaileei ez zaie soilik «arreta duina eman behar» eskubide berberak aitortu behar zaizkie. «Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideen erabateko defentsak migrazioa geldiarazteko borrokarekin bat etorri» behar duela dio. Migratzaileen eskubideen aldeko erakundeek egiten duten borroka ez da migrazioa geldiarazteko, nahitaezko migrazioaren kausak desagerrarazteko baizik. Proposamena da «etor daitezke, eta elkarrekin borrokatuko dugu hori egitera behartu duen egoeraren aurka». Egilearen postulatuen atzean haiek bat eta gu bat dago. Migrazioak «herriei kalte egiten diela» baieztatzen da. Karga ekonomikoa dela esan nahi badu, Euskadin, atzerritarren familia-kontsumoak 810 milioi euro gehiago eman zizkion ekonomiari 2018an, administrazio publikotik jaso zuena baino (Ikuspegi, 2020).
«Jasotzen duten herriak desartikulatu egiten ditu» [zeren eta] «Belaunaldiz belaunaldi, etorri berriak bigarren mailako herritarrak izango dira, gizarte bazterketaren mugan dauden poltsak, marjinaltasunaren, delinkuentziaren eta kulturen arteko talkaren ondorioekin», dio. Arrazismo destilatua. Espero dugu artikulu horretako jarrerek ez dutela jarraipenik izango ezkerreko lerroetan; hori bai beldurgarria litzateke. Egileak ez du planteatzen eskubideak dituen migrazio batek bere pronostikoan marraztutakoaren guztiz bestelako bizikidetza-egoera eragin dezakeenik. Ez dago ezer auzo, lan, eskola eta adiskidetasun loturei buruz, belaunaldirik itxaron gabe beste herrialde batzuetan jaiotako biztanleria integratzea ahalbidetuko dutenak (asimilatzeko asmorik gabe).
«Gaur egun, Nafarroan gertatzen diren hiru jaiotzetatik bat ama migratzailearena da. Bihar beranduturiko lehergailua izango da». Soilik arrazakerian topatzen dugu hitz hauen azalpena. Autorea migrazioaren aurka agertzen da, bere pentsamendu sakona mozorrotzen duen ezkerreko babes pantailarik gabe. Pentsamendu sabindarra historiaren ganbaratik ateratzen du, eta bere gisako ezker baten atetik sartzen da.
«Gu onak gara (gure Euskal Herri eskuzabala) eta beraiek esklabizaturiko pariak». Ez dira subjektu politiko gisa kontuan hartzen, zeintzuk autodeterminazio pertsonalerako eskubideak erabiliz, migratzeko erabakia hartu duten. Guk ez dugu pariarik ikusten, munduan aberastasuna birbanatzeko bidean dauden pertsonak, matxinatu direnak, sistemak esleitu dien biktimen rola onartzen ez dutenak baizik».
Ez dugu uste artikuluaren egileak iritzi fidagarria duenik ezkerrari migrazioari buruzko gomendioak egiteko. Aitzitik, uste dugu komenigarria litzatekeela gogoeta sakona egitea eta jarrera horiek noren alde jokatzen duten hausnartzea jendaurrean jarri aurretik.
Artikulua honako hauek ere idatzi dute: Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformako kide German Garcia Marroquin, Luisa Menendez Aguirre, Itziar Fernandez Mendizabal, Marian Martinez Gavilan, Luis Arbide Gonzalez eta Miguel Virizuela Echaburu.
Leave A Comment