2021.urtea badoa, eta bada garaia balantzea egiteko, nola gauden azaltzeko. Maria Reina Parrokian dagoen Biltegian ikusi ahal izan dugu zein gogorrak izan diren migratzaileentzat azken bi urteok, batez ere kale gorrian “bizi” (hori bizitzea baldin bada), lo egiten duten hainbat eta hainbatentzat. Parrokiari mila bider mila esker, benetan.

Osasun egoera dela eta, kontu handiz ibili gara, bai gure bai beraien onerako. Biltegia soto heze batean dago; hori kontuan hartuta, lekuz aldatu genuen arropa, atetik gertuago. Aldi berean, txanda bakoitzean saiatzen gara jende gehiegi (boluntario eta erabiltzaile) ez izaten elkarrekin, posible den neurrian distantzia mantentzeko.

Lekuaz aparte, egutegia ere aldatu egin dugu eta orain larunbatero dago zabalik biltegia. Horrela errazago da etortzea ikasten duten mutilentzat, eta baita ere emakume eta familientzat, umeekin etorri ahal direlako. Bataz beste, 200 pertsona etorri dira hilabetero, eta gero eta handiagoa da seme-alabekin datozen emakume kopurua.

Boluntarioen taldea nahiko finkatuta dago eta arazorik gabe osatzen ditugu txandak. Taldean bost pertsona migrari ere sartu dira eta komunikazioa errazten digute. Oso pozik gaude.

Uda ostean larrialdian egon ginen apur batez, berokiak, mantak, dendak… amaitu egiten zirelako, baina elkartasun sareak martxan jarri dira: María Reina Parrokia bera, eta Santutxuko beste parrokia batzuk, Fadura, Eskurtze eta Erandioko Institutoak, hainbat talde Kantabrian, Azpeitian, Plentzian, Zorrotzan, Trapagan, Arrigorriagan… Zaporeak, Elikagai Bankua… Eskerrik asko guztioi, bene-benetan.

Badaude ere biltegira hurbiltzen diren pertsonak arropa ematen; haientzat egingo dugu horri bat zer eta norentzat egiten dugun eta OEE nor garen azaltzeko.

Azken hilabetean izugarrizko lana egin dugu jaso dugun guztiarekin: garraiatu, sailkatu, ordenatu… eta orain berriro daukagu denetatik eta bai mutilek bai emakume eta umeek behar dutena hartu ahal dute. Geure ustez, hori ere bizitza zaintzea da. Hemen gaude, eta egongo gara, leku ezberdin eta osagarrienetatik borroka eginez.

Zeren Bilboko soto heze batetik ere mundua aldatzen saiatu ahal den.