Bilboko Portuan gertatzen ari direnei dagokienez, migratzaile eta errefuxiatuei babesa emateko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak poliziaren jokabidea arbuiatu du, gaur goizean Erresuma Baturako bidean diren zenbait pertsona Portuan ezarritako kanpamentutik aterarazi eta atxilotu egin dituelako.

Ankerra da hondeamakinekin haien kanpin-dendak txikitu izana, egun hauetan elurretik eta euritik babesteko izan dituzten aterpeak, hain zuzen. Ekonomia-jarduera beste portu batera eramateko mehatxua lañotasun politikoa da, edo are okerrago: herritarrak manipulatzeko saiakera. Migratzaileek etortzen jarraituko dute, eta ferrya beste portu batera eramaten baldin bada, haiek haren atzetik joango dira, aurretik Calaisetik Santurtzira bezala. Harresi altuagoak eraikitzeak iragaitzazko pertsonen sufrimendua areagotzeko besterik ez du balio, baita harresiok altxatzen dituztenen lotsa ere.

Migrazioak beti egon dira; gizakiok, espezie garenetik, mugitzen ari gara. Konpondu beharrekoak nahitaezko lekualdaketak eragiten dituzten arrazoiak dira, zeinak lotuta dauden baliabideak espoliatzen eta komunitate osoak beren bizimoduetatik kanporatzen dituen eredu ekonomiko harrapakariarekin. Ez da naturala merkantziak, kapitala eta armak askatasun osoz mugitzea leku batetik bestera, eta pertsonak, aldiz, fabrikatzen ditugun bonben pean hiltzera behartzea, edo goseak jota, enpresa transnazionalak haien baliabideez jabetu direlako.

EAJk aldarrikatzen du oinarrizko azpiegiturak arriskuan jartzen dituzten atzerritarrak kanporatzea; kanporatu beharrekoa, ordea, xenofobia da, pertsonen bizitza eta bizikidetza arriskuan jartzen dituena.

Uste izaten dugu gure gobernuek errealitatea desitxuratzen dutela, arriskutsutzat jotzen dutenean pertsona-talde bat elurpean dendetan babestuta egotea, edo adingabe atzerritarrak hona etortzea, baina ez urpeko ontzi militar bat «arrazoi teknikoengatik» porturatzea, gaur bezala, edo Bahri ontziek hilero armak garraiatzea Saudi Arabiara Yemengo herritarren kontrako gerra egin dezan.

Migrazioak gizatiartu egin behar ditugu; pertsona horiek beharrak dituzte. Aldi baterako baldin badaude hemen, beste toki baterako bidean, baliabideak baliatu behar ditugu atseden-eremu bat sortzeko, ez harresiak eta segurtasun-kontrolak altxatzeko (ez dezagun ahaztu: hori dirua kostatzen zaigu). Gure baliabideetako asko gerraren jaunak aberasteko erabiltzen ari dira, dirutza irabazten baitute gerrak elikatzen dituzten armak salduz eta, aldi berean, ustezko etsaiarengandik “babesteko” mugak altxatuz.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforman argi daukagu ez ditugula irentsiko diskurtso faltsu xenofoboak, ez dugula sinetsiko pobreen arteko gerra dela, batzuek hori sinestarazteko ahaleginak egin arren. Horrexegatik diogu behin eta berriz hona heltzen diren pertsonak gizatiartu egin behar direla, eta laguntza eman behar zaiela. Diren bezala ikusten baditugu ─alegia, pertsonak, gure berdinak─, gaia ondo bideratuko dugu. Bestela, politika hiltzaileak eta jendarte kanibalak hauspotuko ditugu. Eskubide guztiak pertsona guztiontzat.

Azken orduko informazioa: atxiloturiko 6 lagunetatik, 5 aske utzi dituzte; beste bat, berriz, Alucheko (Madril) CIEra eramango dute.